Berreginen Museoak Bilbo Zaharrean daramatzan hamar urteak ospatzeko ekitaldiak egingo ditu datorren astean
Adin guztietarako jardueraz betetako astea antolatu du azaroaren 21etik 27ra
BILBO. Museoaren arduradunek adierazi dutenez, hamar urte igaro dira eta gauza asko egin dira, eta, hortaz, "urteurrena ospatzea derrigorrezkoa da". "Hamar urteotan jarduera asko egin dira museoan, ez soilik eskultura klasikoen kopien bildumari dagokionez, baizik eta baita zentroa hartzen duen auzoarekin izandako hartu emanean ere. Erakundea irudikatzen duen arlo klasikoak bat egin du zonaldeko kultura aniztasun etnikoarekin, eremu anitzeko lan komuna sustatuz", azaldu dute.
Horrela, museoak adin guztietarako jardueraz betetako astea antolatu du azaroaren 21etik 27ra, eta doako sarrera eskainiko du. Jarduera horien artean, azaroaren 21ean egingo den "Gizateriaren plasti-historia" erakusketaren inaugurazioa nabarmendu dute museoaren arduradunek; bertan, plastilinaz egindako hamar diorama ikusteko aukera izango da. Horien bidez, gizateriaren historian funtsezkoak diren 20 une kontatzen dira.
Halaber, azaroaren 22an (euskaraz) eta 23an (gaztelaniaz), "Moda kontua" bisita-tailerra egingo da, antzinako Greziako edertasunaren ereduaz hitz egin eta egungoarekin konparatzeko. Jarduera 18:00etan hasiko da eta leku kopuru mugatua izango da; beraz, aldez aurretik erreserbatu behar da, 944 15 02 31 telefonoan.
Azaroaren 24an, "Delfosen Auriga" hitzaldia izango da Obra Bere Testuinguruan zikloaren barruan, 18:00etatik aurrera. Biharamunean, hilaren 25ean, "Kandelen argipean" bisita berezia izango da, bildumako lau obra ikusteko aukera eskainiz, kandelaz eta olio lanparaz soilik argiztatuta (18:00etan). Leku kopuru mugatua da eta aldez aurretik erreserbatu behar da 944 15 02 31 telefonoan.
Azaroaren 26an Fair Saturday ospakizuna egingo da museoan. Goizean, Arte Azoka egingo da, 10:00etan, eta, arratsaldean, ANESVAD erakundeak swing eta erritmo latinoak ikasteko eskola batekin antolatutako ongintzako ekitaldia izango da, 16:00etan. Azkenik, azaroaren 27an, Ganso & Cia konpainiak "Walkman" familientzako ikuskizuna eskainiko du eguerdiko 12:00etatik aurrera.