Síguenos en redes sociales:

Mercadonak supermerkatu berria ireki du Bilbon, 40 langilerekin

Denda astelehenetik larunbatera egongo da irekita, 09:15etik 21:15era

Mercadonak supermerkatu berria ireki du Bilbon, 40 langilerekinBorja Guerrero

BILBO. Mercadona enpresak supermerkatu berria ireki du astearte honetan, Espinosa Orive Doktorea kaleko 2A zenbakian, Miribilla auzoan. Bizkaiko hiriburuan ireki duen bigarren supermerkatua da, Urkixo zumarkaleko 85ean dagoenaren ondoren, 3,1 milioi euroko inbertsioa egin du bertan eta 40 langile ditu, "lan egonkor eta kalitatekoarekin". Eraikitzeko eta saltokia martxan jartzeko lanetan 76 hornitzailek hartu dute parte, eta horiek 216 langile izan dituzte eraikitze fasean, konpainiak jakinarazi duenez.

Salmenta aretoak 1.500 metro koadro ditu, eta Mercadonaren ohiko atalak ditu: harategia, urdaitegia, lurrindegia, ontziratutako elikagaiak, edariak eta drogeria. Halaber, zenbait atal berritu diru, besteak beste, produktu freskoena (adibidez, arrandegia, non lonjatik zuzenean ekarritako arraina salduko baita), labeko solteko produktuena eta fruta eta barazkiena. Era berean, langileentzako saltokiak atsedenerako eremuak eta aldagelak, eta lantaldearen etengabeko trebakuntzarako areto bat ditu.

Supermerkatua astelehenetik larunbatera egongo da irekita, 09:15etik 21:15era, eta 75 plazako aparkalekua du, erosketak egitera ibilgailu pribatuan joaten diren bezeroei laguntzeko. Horrez gain, erosketa etxera eramateko zerbitzua du, gainerako supermerkatuetan bezala, bai eta telerosketa eta erosketa on line egiteko aukera ere, www.mercadona.es webgunearen bidez.

Dendaren beste alderdi aipagarri bat izaera ekoeraginkorra da, energia kontsumoa %20raino murrizten duten zenbait neurri hartu baititu, hala nola bero berreskuragailuak, argiztapen eraginkorragoa, tenporizadoreak eta ate automatikoak.

MERCADONA EAE-N

Mercadonak "irmo" eusten dio Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egin duen apustuari, eta jada 11 saltoki ditu: bost Araban (Gasteizen), lau Bizkaian (bi Bilbon, bat Barakaldon eta bat Basaurin), eta bi Gipuzkoan (Irunen eta Eibarren). Lantaldea 440 pertsonak osatzen dute, eta guztiek kalitateko enplegu egonkorra dute.

2015eko abuztuan, Gasteizen bloke logistiko bat eraikitzen hasi zen, estatuko iparraldeko supermerkatuak hornitzeko. Horretarako, beste 50 milioi euroko inbertsioa egingo du lehen fasean, eta 100 lanpostu sortuko ditu.

Halaber, harreman komertziala du EAEko 1.233 ETE eta enpresarekin. 2015ean, 316 milioi euroko erosketak egin zizkien EAEko hornitzaileei, eta, bitarteko hornitzaile fabrikatzaileekin batera, 26,4 milioi euro inbertitu ditu EAEn.

Nekazaritzako elikagaien hornitzaileen adibide gisa, eta tokiko produktuen alde egiten duen apustuaren erakusgarri, Arabako patataren 120.000 kilo baino gehiago erosi ditu; arrain freskoari dagokionez, 3.500 tona erosi ditu, hala nola legatza, hegaluzea, antxoa, sardina, txitxarroa, berdela, lirioa eta oilarra, bai Bizkaiko kostaldean, bai Gipuzkoakoan.

Enpresaren erantzukizun sozialaren barruan, Mercadonak laguntza ematen die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elikagaien bankuei, Gasteizko Babesgabetuen Andre Maria jangela sozialari eta Bilboko Behartsuen Haurridetxoei. Euskadin erakunde sozialekin duen lankidetzaren ondorioz, 73,4 tona elikagai eman zituen 2015ean.

Saltoki berrian ere, bezeroek Mercadonaren "Beti Prezio Baxuak" (BPB) politika esklusiboaren onurak eskuratuko dituzte, alegia, "produktuen unitate prezio baxuena bermatuko zaio bezeroari, kalitate onenarekin eta modu iraunkorrean". "Horri esker, kalitate hobea prezio baxuagoan eskain diezaioke Mercadonak bezeroari", adierazi du.