BILBO. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Lee Kang-Deok Pohang-eko (Hego Korea) alkatearekin bildu da ostegun honetan Bizkaiko hiriburuko udaletxean. Hego Koreako hiriko irakaskuntza, zientzia, teknologia, industria, enpresa eta komunikabideen ordezkariak tarteko izan dituen 20 pertsona inguruko talde bat ere izan da bileran. Pohang-eko ordezkaritza Bilboko hiri eraldaketa eta garapen prozesua eta hiriak gaur egun esku artean darabiltzan etorkizuneko proiekturik garrantzitsuenak ezagutzeko asmoz dago Bizkaiko hiriburuan.

Goiz honetan egindako topaketan, Bilboko alkatearekin batera izan dira Xabier Ochandiano Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia eta Asier Abaunza Hiri Plangintzako zinegotzia. Abaunzak Bilboren eraldaketari buruzko hitzaldia eskaini dio Hego Koreako ordezkaritzari.

Lee Kang-Deok Pohang-eko alkateak 54 urte ditu eta 2014ko uztailetik da alkate. Bere gobernu ekintza aurrera ateratzeko asmoz darabiltzan ildo nagusien artean, "herritar guztien mesedeko aldaketak sustatu eta bizitzeko egokia den hiria lortzen lagunduko duen sormena bultzatzeko borondatea" nabarmentzen da, "Pohangeko 530.000 bizilagunek bizimodu hobea eta ametsak egia bihurtzeko aukera izan dezaten".

Pohang Hego Koreako hego-ekialdean dago. Yeongilman badian kokatuta dago eta portu giroko hiria da. Altzairugintzan eta ontzigintzan lortu zuen indarrak herrialde osoaren garapen ekonomikoa bultzatzen lagundu zuen XX. mendearen bigarren erdian. Gaur egun, Pohang ekonomia dibertsifikatzeko prozesu betean murgiltuta dago, eta berrikuntza eta sormenaren alde apustu egin du ekonomia modernizatzeko.