BILBO. Bilboko udalak eta inguruko zenbait kultur eragilek antolatuta auzoaren garapenerako eta goitik beherako berriztapenerako elementu dinamizatzaile gisa kulturaren aldeko apustua egiten duen BLV-ART programaren barruan dago ekimena.

Nekane Alonso Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak eta Velvet artistak astelehen honetan bisitatu dute igandetik "hiriaren hiriko paisaiaren parte den artelana".

Orokorrean "horma arte publiko" izena hartzen duenaren barruan dago proiektu artistikoa. Zoerrek eta Velvetek mundu osotik jasotzen dituzte horma irudiak egiteko deiak, "euren horma irudi piktoriko figuratibo bikaina dela eta".

Bi artistek elkarrekin egiten dituzten horma irudiak argazki oroitzapenak egituratzearen emaitza dira, bertatik baitaude aterata irudikatutako eszenak, objektuak eta hizkiak. Bi artisten konposizio lanek eboluzionatu egiten dute euren bidaien eta esperientzien ondorioz.

Horrela, Bilbo Zaharra auzoak aurreko edizioetan egindakoei gehituko zaien formatu handiko beste horma irudi bat izango du. Lan horiei esker, ingurune horretan aire libreko ibilbidea osatu ahal izan da, Suso33, Eltono, Sixe, Aryz edo Michael Grudziecki bezalako artistek, hainbat teknika erabiliz, sinatu dituzten horma-irudiak bisitatzeko.

ARTISTAK

Zoer -izenez Frederic- 1985ean jaio zen Palermon (Italia). Oso gazte zela ibilgailuak, trafiko pilaketa eszenak edo apurtutako automobilak marrazten hasi zen. Urte batzuk geroago komikien unibertsoan inspiratu eta bere lehenengo fanzineak argitaratu zituen, narraziorako gustua garatuz. 2003an lehen pausoak ematen hasi zen graffitian eta pintura bere osotasunean landu zuen, akrilikoaren bitartez hasieran eta olio-pinturaren bidez ondoren.

Bestalede, Velvet -izenez Matthieu- 1986an jaio zen Saint Malon (Frantzia). Umetatik inguruan zuen itsaso eta industria unibertsoak eragin nabarmena izan zuen bere marrazkietan eta komikietan. 2000tik aurrera sprayz margotzen hasi zen, eta ondoren akrilikoarekin eta olio pinturarekin lanean hasi zen.

Bi artistek Frantzian egiten ari ziren industria diseinu ikasketetan ezagutu zuten elkar. Graffitiarekiko grinak bultzatuta, "CSX" Chômeurs Sans eXperience (Esperientziarik Gabeko Langabeak) kolektiboa sortu zuten 2004an.

Industria diseinugile gisa duten esperientzia dela eta, sarritan erabiltzen dute objektua lanaren bihotz gisa. Horrez gain, euren margolanen eta lantzen dituzten gaien errealitate ukigarriaren arteko zubiak ezartzen dituzten mihiztadurak eta instalazioak gauzatzen dituzte, horiekin sinbiosi ezin hobean bat eginez.