BILBO. Bilboko Udalak Epaltzaren Alarguna bekak lortzeko probak egingo ditu aurten ere, 2015-2016 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. mailako hamar ikasleri emateko.

Horretarako, asteartean eta asteazkenean, ekainaren 14an eta 15ean, bost ariketa egingo dituzte beka lortu nahi dutenek, eta guztira, hiriko 34 ikastetxetako 170 ikasle izango dira.

Hauek izango dira azterketako jakintza arloak: Euskara; Gaztelania eta gaztelaniazko literatura; Atzerriko hizkuntza; Matematika; eta Geografia eta Historia, Bilboko Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

Ariketak Miguel de Unamuno Institutuan egingo dira eta ekainaren 23ko goizeko 09.00etatik aurrera ikasleek behin behineko kalifikazioak ikusi ahal izango dituzte www.bilbao.eus webgunean. Behin betiko kalifikazioak ekainaren 30ean argitaratuko dira eta bekak azaroan emango dira, ohi bezala.

Bilboko Udalaren Epaltzaren Alaguna bekak hiriko ikastetxeetako ikasle bikainentzako diru laguntzak dira, Batxilergoa, prestakuntza zikloak eta unibertsitate graduak egiteko. Bekak eskuratu ahal izateko, DBHko 3. mailan gutxienez 8,5eko batez besteko nota izan behar dute ikasleek eta, ondoren, egoera berean dauden beste ikasle batzuekin lehiatu.

Gero eta ikasle gehiago aurkezten da hamar ikaslerik onenei ematen zaizkien beka horiek eskuratzeko; 2008an, esaterako, 90 ikaslek egin zituzten probak, eta aurten 170 ikaslek eman dute izena, hau da, %89ko igoera zortzi urtetan.