BILBO. Euskadiko Esklerosi Anizkoitzaren Fundazioaren aldeko Familiaren Lasterketaren bosgarren edizioa egingo da Bilbon igande honetan, maiatzaren 15ean, 11.00etan hasita. Bilboko Udalak eta El Correo egunkariak bultzatu eta Eusko Jaurlaritzaren, BBKren, EDP Fundazioaren, El Corte Inglesen, Vodafoneren, Coca Colaren, BM supermerkatuen eta Quiron ospitalearen laguntza duen proba hau Guggenheim Bilbao Museoko zelaigunetik Itsas Museoraino doan 1,8 kilometroko zirkuituan jokatuko da.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, lasterketa adin guztietako pertsonei dago zuzendua, kirola, osasuna eta familia bezalako baloreak bultzatzen baititu. Bosgarren edizio honetan parte hartu nahi duten familia guztiek bi eta hamar partaide bitarteko taldeetan eta hiru maila desberdinetan korritu ahal izango dute.

Lehen belaunaldiko taldea, bikoteek, anai-arrebek eta lagunek osatuko dute; bigarren belaunaldiko taldea guraso eta seme-alabek edota osaba-izekoek eta ilobek, eta hirugarren belaunaldiko kategorian aitita-amamek, gurasoek eta bilobek. Talde bereko partaide guztiek batera egin beharko dute korrika ibilbide osoan zehar.

Ibilbideak Guggenheim Bilbao Museoa du abiapuntu eta Bilboko Itsas Museoraino iritsiko da, berriro hasierako puntuan bukatuz. Itzuli bat 1,8 kilometro luze da, eta gehienez bost aldiz errepika daiteke, guztira bederatzi kilometro eginez. Aurreko edizioetan bezala, parte hartzaileek jan-edana izango dute buelta berri bati ekiten dioten bakoitzean, baita helmugara heltzen direnean ere. Irteerak kategoriaren arabera burutuko dira, mailaz maila, hirugarren belaunaldikoetatik hasi eta lehen belaunaldikoekin bukatuz.

ESKLEROSI ANIZKOITZAREN FUNDAZIOA

Euskadiko Esklerosi Anizkoitzaren Fundazioa 2001. urtean sortu zen, kolektiboaren indarrak batu eta Euskal Autonomia Erkidego (EAE) osoan lan egiteko, gaixotasunaren ezaguera, sentsibilizazio soziala eta gaitz honekiko interesa bultzatuz.

Fundazioaren helburua Euskadin Esklerosi Anizkoitza duten pertsonen bizimoduaren kalitatea hobetzea da, sentsibilizazio sozialaren bidez eta kolektiboaren eskubideen alde arituz pertsona guztien berdintasunaren aldeko aldaketa soziala eragiteko.