BILBO. Bilboko Udalak bitartekaritzako proiektu pilotu bat jarriko du abian urian asteburuetan kaleko edana egiten duten pertsonekin lan egiteko.
Gaur hasita eta ekainaren 25era arte, 23:00ak eta 03:30ak bitartean, kaleko lau hezitzailek osatutako talde bi kaleko edana egiten den leku desberdinetatik ibiliko dira. Udalaren Gazteria eta Kirol Sailak, Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta Barrutien Sailak, Osasun eta Kontsumo Sailak eta Segurtasun Sailak kaleko edanaren errealitatearen buruz egindako lana oinarri hartuta planifikatutako neurrietako bat da.
Gizarte-hezitzaileekin egingo den proba pilotu honen helburu nagusia da kaleko edanaren eraginak murriztea: zaratak eta zikinkeriak sortutako arazoak eta gehiegizko kontsumotik eratorri daitezkeen arriskuak. Bitartekaritza-lanak zazpi aste iraungo du eta tartean dauden udal sailek gainbegiratu eta koordinatuko dute.
Neurri hau, besteak beste eta Udaltzaingoak urian egiten duen lanarekin batera, proposatu zuten kaleko edanaren errealitatea aztertzeko galdetu ziren aisialdiko eta kontsumoetako gazte-taldeek eta adituek. Profesionalak neska-mutilen kuadrillengana joango dira haiekin berba egitera eta Bilboko Udalak garatutako programa honen helburuak zeintzuk diren transmititzeko. Horrela azalduko dizkiete atseden hartzeko eskubidearen eta gaueko aisialdiaren arteko oreka lortu beharra, gizalegearen kontrako jokabideen eta alkoholaren gehiegizko kontsumoaren ondorioetan sakonduz (garbitasuna, osasuna eta administrazioaren arloko ondorioak).
Hezitzaileen ibilbideari eta ordutegiari dagokienez, kaleko edanaren errealitatearen maparen arabera eta gazteek gauez uriaren erdialdetik egiten dituzten ohiko bideen arabera diseinatu dira.
Udalak adierazi du maiatzean eta ekainean bitartekaritza-lana egin ondoren, eta kontuan hartuta gazteen gaueko aisia beste herri batzuetara mugitzen dela udan, lantaldeek esperientziaren ebaluazioa egingo dute gero egin beharreko jarduketak definitzeko.