BILBO.Bilboko Udalak aurten hasi duen kaleen izenak berritzeko eta eguneratzeko prozesuan murgilduta dago. Alde batetik, Memoria Historikoaren Legea bete nahi izan da eta, bestetik, herritarrei hitza eman kaleen izen berrien proposamenak egiteko eskatuz.

Oraingoan ez da kale baten izena aldatuko legeak agintzen duelako, baizik eta Zorrotzako Auzo Elkarteak udalera bidalitako eskaria beteko da. Zehazki, iaz Zazpilanda Etxaldean inauguratu zen lorategiari Alazne López Etxebarria izena jartzea eskatu da; auzo horretako dantzari gaztea Dortmund hirian (Alemania) hil zen 2015eko maiatzaren 9an, 21 urte besterik ez zituela.

Espazio horrek ez zeukan izenik orain arte eta aurrerantzean Alazne Lopez Etxebarria lorategia izango da, Juan Mari Aburto alkateak berak hartutako erabakiz, berak baitauka Bilboko kaleen plakak esleitzeko eskumena.

Alkateak lorategia bisitatu du, udaleko ordezkariekin batera, etorkizun handiko dantzaria omentzeko asmoz, 21 urterekin hil baitzen, ustekabean. "Zorrotzako auzotarren eskaria bete nahi izan dugu, Alazne auzoan izaten jarraitu gura dutelako, ahalegin eta sakrifizio pertsonalaren adibide izan delako, bai eta erreferentzia eta eredua gazte guztientzat", esan du.

Ekitaldia oso sinplea izan da eta bertan izan dira senideak, lagunak, ikaskideak eta Zazpilanda Etxaldeko auzokoak, "omenaldi zintzo eta maitetsua" egin izan nahi baitiote.

Eskaria urtarrilean iritsi zen Bilboko Udalera, herritarrei kaleen izenak aldatzeko proposamenak egitera egindako deialdiaren ondoren, Memoria Historikoaren Legea betetzeko. 600dik gora ekarpen izan dira eta horien artean zegoen Zorrotzako Auzo Elkartearena. Orain urtebete Zazpilanda Etxaldean inauguratu zen eta oraindik izenik ez zeukan lorategi bati Alazneren izena jartzea eskatu zuen elkarteak.

Aburtoren esanetan, "ideia ona iruditu zitzaigun auzo honetako pertsonen guraria betetzea, Alazne oso errotuta baitzegoen han". Gainera, leku horretako proiektua, gazteek egina, Bilbao Lorategia 2011 Hiriko Lorategien Lehiaketa irabazi zuen.

Alazne López Etxebarria lorategia da emakumezko baten izenarekin egin den eta aste gutxitan Bilboko kale izendegian sartu den hirugarren plaka. Lehena Yolanda Gonzalez plazatxoa izan zen eta otsailean inauguratu zen, Madrilen 1980an hil zuten ikaslearen oroimenez; kasu honetan ere auzokoen eskari bat izan zen. Oraintsu sartu den bigarren izena Julita Berrojalbiz andereño eta ikastolen mugimenduaren bultzatzailearena izan da, oraingoan Aita Remigio Vilariñoren izenaren ordez.

ALAZNE LÓPEZ ETXEBARRIA

Alazne Lopez Etxebarria 1993ko maiatzaren 25ean jaio zen. Txikitatik garatu zituen balleterako eta dantzarako gaitasuna eta bokazio handia. Lau urte besterik ez zituela dantzako ikasketak hasi zituen, lehenik Juan de Antxieta eskolan eta gero Ana M. Aurrekoetxea eskolan.

Igor Yebraren Dantza Eskola zabaldu zenean, bertan sartu zen prestatzen jarraitzeko eta mundu horretan modu profesionalean aritzeko. Etapa horretan ikusi zuen egoki Igor maisuak atzerrira joatea, prestatzen jarraitzeko, eta Londreseko English National Ballet School ospetsuan sartzeko hautaprobak egin zituen. Gainditu egin zituen eta onartu egin zuten, eta bertan egin zituen hiru urte ikasten, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Saileko beka baten laguntzari esker.

Bere ametsa lortu eta Dantza Klasikoko dantzari profesionalaren gradua eskuratu zuen 2013ko ekainean. Oraindik English National Ballet Schooleko bigarren urteko ikaslea zelarik, English National Balletaren konpainian egin zuen lan hilabete. Beste lan batzuren artean, Wayne Eaglingen "Beltxargen Aintziraren" koreografian hartu zuen parte, 2012ko Londreseko Joko Olinpikoen amaiera galan.

2013ko urtarriletik ekainera arte, eskolan oraindik klaseak hartzen, azterketak eta probak egiten, Europako zenbait konpainiarekin egin zituen entzunaldiak, eta gainera "Errauskine" balleta prestatu zuen eta bira bat egin zuen Ingalaterrako hiri batzuetan; bertan ahizpaordearen rola egin zuen. Urte horretan, 20 urte besterik ez zituela, bidaia eta entzunaldi asko egin ondoren, denboraldi baterako kontratua lortu zuen Hannoverreko (Alemania) Operako Ballet Konpainian.

Bertan koreografo ospetsuekin egin zuen lan, besteak beste, Frederick Aston, Kenneth MacMillan eta Wayne MagGregorrekin. Oso urte zoriontsua izan zen berarentzat: zenbait ballet estreinatu zituen konpainiarekin eta bakarlari rol bat egiteko aukera ere izan zuen.

Denboraldi horren ondoren, hurrengo kontratua Dortmundeko Operako (Alemania) Ballet Konpainiarekin izan zen. Hala ere, hurrengo urterako kontratua bilatzeko entzunaldiak egiten jarraitzen zuen, baina ezustean hil egin zen. Dantzaren mundua atsekabetu egin zen eta omenaldiak antolatu ziren Londreseko ballet eskolan eta parte hartu zuen Alemaniako dantza konpainietan.

Zorrotzako lorategi txiki hau izango da, hemendik aurrera, bere ametsa betetzen bizi izan zen gazte ausart eta borrokalari hau gogoratzeko lekua. Hauek ziren bere esaldiak: "Mundua ahazten dut dantzan egiten dudanean", "Ez zait ardurarik noraino heltzen naizen dantzan, nik dantzan besterik ez dut egin nahi", "Amatxo, dantzan zoriontsu naiz".