BILBO. "Indarrak, ekimenak eta ilusioak batuz, egun honetan haur eta gazteak protagonistak izan daitezen nahi dugu", adierazi dute elkarteko arduradunek.
Elkarlanaren eta auzolanaren aldeko apustua eginez, aurten ere, Umeak Kalean elkarteak auzoko elkarte eta eragileak gonbidatu ditu jardunaldietan partaide bihur daitezen.
Modu honetan, Bidegintza g.e.k., Jatorrak Eskaut Taldea, Mujika Eskolako guraso elkartea (Makuma IGE), Bizi Nai dantza taldea, Bilbao Historiko, Alde Zaharreko Merkatarien Elkartea, Bilboko Udala, Zazpi Kale Elkartea, Lur Soinuak musika eskola, Bilbao Musika, Bilbo Zaharra txistulariak, 7 Katu Gaztetxea, Palopalú, Casco Akademy, On Print, Bilboko Konpartsak, Pack & Boxes eta Alde Zaharreko hainbat saltoki eta ostalaritza enpresa parte hartzaile eta laguntzaile izan dira, besteak beste.
Antolatzaileek azaldu dutenez, auzoko neska-mutilei "kalea itzultzeko beharra" da jardunaldia antolatzeko arrazoietako bat. "Egunero bertan aritzen garen gizarte eta hezkuntza eragileok adingabeen beharrak eta eskariak bertatik bertara ezagutzeko aukera dugu, eta jardunaldietan hainbat ekintza proposatzen ditugu haiek parte har dezaten", adierazi dute.
Halaber, gizartearen parte hartzea garrantzitsua denez gizarte, hezkuntza eta kultura jarduerak garatzeko, Umeak Kalean elkarteak "egoki" deritzo proiektuarekin jarraitzeari, batez ere auzolanetik eta elkartegintzatik bultzatuta. Hori dela eta, beste elkarte batzuek jardunaldietan parte har dezaten bultzatzen du.
Modu honetan, ume eta gazteekin lan egiten duten talde eta kolektiboen topagunea izatea eta auzoko neska-mutilei eta beren familiei aisialdiko ekintza bat eskaintzea bilatzen dute jardunaldiek, "beste neska-mutil batzuk ezagutu ditzaten eta denbora librea modu osasuntsu eta sortzailean erabiltzeko jai gunea izan dadin, kalea berreskuratu, jolas eta gozamenerako toki bihurtuz".
Jardunaldiak egun bitan ospatuko dira eta ekitaldiz beteriko egitaraua izango dute, hala nola txistularien kalejira, jolasak kalean, puzgarriak eta tailerrak, ipuin kontalaria, dantzak, magia edota txokolatada.