Síguenos en redes sociales:

Udaberriko Bertso Saioak larunbatean hasiko dira Santutxun

Udaberriko Bertso Saioak larunbatean hasiko dira SantutxunMikel Saiz

BILBO. Lehenengo eguneko programazioan, gaur egungo Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapeldunak diren Beñat Gaztelumendi eta Amets Arzallus, eta Nerea Elustondo eta Ohiana Iguaran egongo dira.

Aire zabaleko bigarren saioa maiatzaren 14an izango da. Ohikoa denez, hitzordua 13.00etan izango da, Karmelo plazan, baina berezia izango da, lau emakume bertsolari ariko baitira agertokian, aurkezleaz gain, duela denbora gutxi arte gizonezkoak nagusi izan diren kultur alor honetan oso ohikoa ez den gauza.

"Ez da kasualitatea" musikak lagundutako emakume bertso saioa izango da. Horrela, Miren Amuriza, Ohiana Bartra, Onintza Enbeita eta Alaia Martinekin batera, Garikoitz Otamendi (biolina) eta Arkaitz Bikandi (gitarra) musikariak arituko dira.

Saio desberdina izango da, "kasualitatetik ezer ez duena", eta bertsoaren tradizioan oinarrituz, umorea, jolasa eta zuzeneko musika eskainiko ditu, emakumeen arteko konplizitatea ere bilatuz, 90 minutuko pieza fresko eta dibertigarria eskaintzeko, antolatzaileek adierazi dutenez.

Karmelo plazan eskainiko den hirugarren eta azken saioa maiatzaren 21ean izango da, eta bertan Fredi Paia Bizkaiko txapelduna, Ibon Ajuria, Julio Soto eta Andoni Egaña izango dira.

Egitaraua maiatzaren 27an amaituko da, bertsopoteoaren edizio berriarekin, 20.00etatik 23.00etara, Santutxu auzoko hainbat gunetik (El Rincón, Bastertxu, Guretxe eta Kiski's tabernak). Bertsopoteoan Jone Uria, Jon Maia eta Arkaitz Estiballesek osatutako hirukotea arituko da.

Bizkaiko hiriburuan euskal kultura eta hizkuntza sustatzeaz gain, Udaberriko Bertso Saioak programak euskaltzaleen arteko topaleku bilakatu nahi du eta, aldi berean, Santutxuko Bertso Eskolak Bilbon burutzen duen lana bultzatu nahi du.