Berrogeita hamar auto klasiko lehiatuko dira Bilboko Rallyestone proban
Norgehiagoka apirilaren 29tik maiatzaren 1era bitartean egingo da
BILBO. Guztira berrogeita hamar auto klasiko lehiatuko dira apirilaren 29tik maiatzaren 1era bitartean. Hiru etapatan banatuko da proba, eta Bizkaiko hiriburua izango da etapa guztien irteera zein helmuga. Real Peña Motorista Bizkaiak antolatu du lasterketa, Bilbao Ekintzaren laguntzarekin. Euskadi eta Burgoseko errepideetan barrena 900 kilometro inguruko ibilbideak burutuko dira.
Autorik erregularrena sarituko da, eta helburu hori lortzeko talde parte-hartzaileek bi zailtasun gainditu beharko dituzte. Alde batetik, irteera eta helmuga non dauden jakingo dute (kasu guztietan Bilbon egongo dira), baina ez dute ibilbidea ezagutuko; gainera, erregulartasuna neurtuko duten igarotze-kontrolak isilpekoak dira. Lasterketan parte hartuko dutenen artean Txema Foronda eta Pilar Rodas bilbotarrek osatzen duten bikotea da faboritoa (2015ean eta 2016an irabazi zutenak); halaber, bikote hauek ere lehiatuko dira: Iker Reketa eta Koldo Cepeda (2011ko irabazleak), Manuel Macho eta Marcos Domingo (2010eko eta 2013ko garaileak) eta José Luis Madrazo (2013ko edizioko irabazlea), aurtengo edizioan Jafet Santamaría pilotukide izango duena.
Rallyestone probak aukera aparta eskaintzen du hainbat auto mitiko jokoan ikusteko, besteak beste, Lancia Stratos, Porsche 911, Lancia Fulvia HF Fanalone, Alfa Romeo Giulietta Sprint, Fiat 131 Abarth, Audi Quattro edo Renault 5 Turbo modeloak.
Lasterketa mitikoa
Rallyestone 2006. urtean egin zen lehenengo aldiz, Real Peña Motorista Bizkaiaren eskutik. Baina lasterketa honen jatorria 1952. urtean kokatzen da, Rally Bilbao Firestone proba lehenengo aldiz egin zenekoan. 1972tik aurrera Europako Rally Txapelketarako proba puntuagarria izan zen. 1979an bertan behera geratu zen Firestone-en babesa, eta Rallye CS izena eman zitzaion. Hala eta guztiz ere, Europako txapelketarako puntuagarria izaten jarraitu zuen. Izen horrekin beste hiru lasterketa egin ziren 1982. urtera arte. Hamasei edizioren ostean proba ahaztua izan zen, 2006an berragertu zen arte. Real Peña Automovilística Bizkaiak proba berreskuratu egin zuen, 25 urte baino gehiagoko auto klasikoentzako Erregulartasun Historikoko formatuan.
"Kilometro bakoitzeko kilo bat" ekimen solidarioa
Lasterketaren edizio honetan "Kilometro bakoitzeko kilo bat" izeneko ekimen solidarioa jarriko da martxan, Bizkaiko Elikagaien Bankua eta Maratones Solidarios Javier Conde elkarteen laguntzarekin. Bilboko XI. Rallyestone probara bertaratzen den publikoak, talde parte-hartzaileek eta erakunde laguntzaileek egindako dohaintzei esker 900 kilogramo elikagai biltzea da asmoa. Horretarako, eremu bat gaituko da Areatzako aterpeetan, zehazki, irteerako parke itxian, ostiralean, apirilaren 29an, 15:00etatik 18:00etara bitartean. Dohaintza boluntarioen bidez helburua lortzen ez bada, Real Peña Automovilística Bizkaiak 900 kilogramo horiek eskuratu arteko aldea jartzeko konpromisoa hartu du.
Auto klasikoen erakusketak
Bilboko Abando Indalecio Prieto geltokiak (Adif) aste osoan zehar hartuko du Real Peña Motorista Bizkaia elkarteko kideek eta jarraitzaileek lagatako lasterketetarako auto klasikoen erakusketa. Bestalde, Meliá Bilbao hotelak hoteleko sarreraren ondoan jarriko ditu ikusgai lehiaketetarako hainbat auto klasiko. Bi erakusketa horiek herritarrentzat zabalik daude eta sarrera librea da.
Más en Bilbao
-
Patios más inclusivos, verdes, abiertos, y lúdicos en cinco colegios de Bilbao
-
Se licita por 5 millones la parada de Los Caños del Tranvía de Bilbao
-
Catherine Zeta-Jones y el equipo de la serie 'Kill Jackie' visitan el Ayuntamiento de Bilbao
-
El Ayuntamiento responde a los vecinos de Marzana: "Cuando se ha detectado algún incumplimiento se ha sancionado"