Síguenos en redes sociales:

Lankidetza-hitzarmena berretsi du Bilbok Euskaltzaindiarekin

Udalak 15.750 euroko diru-laguntza eskainiko dio urtean euskararen erabilera susta dezan

Lankidetza-hitzarmena berretsi du Bilbok EuskaltzaindiarekinJ.M. MARTINEZ

Bilbo - Euskararen alde jarduteko asmo partekatuaren bidez, norabide berberean arraun egiten jarraituko dute Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak. Izan ere, Bilboko alkatea den Juan Mari Aburtok eta Andres Urrutia euskaltzainburuak erakunde biek 2008tik hona indarrean duten lankidetza-hitzarmena berretsi zuten atzo. Horren bidez, hiribilduak 15.750 euroko diru-laguntza emango dio urtean Euskaltzaindiari, Bilbon euskararen erabilera sustatzeaz gain euskal literaturaren irakaskuntza bultza dezan.

Hartara, erakunde biek euskararen arloko kultura zabaltzeko jarduerak, ikastaroak, hitzaldiak eta erakusketak bultzatuko dituzte. Zentzu horretan, maiatzean bertan Euskara ibiltaria erakusketa abiaraziko dute. Horrez gain, Euskaltzaindiak beharrezko aholkularitza linguistikoa eskaintzen jarraituko die Udalaren zerbitzuei.

Hartara, lehentasunak lehenetsiz, Aburtok “Bilbo euskaldunagoa” egiteko duen helburua gogorarazi zuen atzo Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoan gauzatu zen sinaketan. “Gure desafioa da euskarak erabilerarako espazioak berreskuratzea, herritarren hizkuntza eskubideak bermatuz eta urian daukan presentzia normalizatuz”, adierazi zuen Bilboko alkateak.

Aurreiritziak albo batera utziz, hizkuntzaren utilitarismotik ihes egiteko beharra aldarrikatu zuen Aburtok. Era berean, euskarak “herria indartzeko eta kohesionatzeko” elementutzat duen indarra azpimarratu zuen, “gure zilborrari bakarrik begiratu barik eta mundua gero eta mestizoago izango dela jakinik”. Alkatearen esanetan, “euskarak herria egiten du, gorde beharreko altxor bat da eta kalean garatu behar da”.

Ildo beretik, lankidetza-hitzarmena lanean jarraitzeko “lanabesa” dela adierazi zuen Andres Urrutiak. Bere esanetan, “Bilbo hiri euskalduna da historiaz, sentimenduz eta errealitatez”; horregatik, beharrezkoa da gogoratzea “Euskaltzaindiak Bilbon lantzen duela euskara eta euskal kultura, Bilbotik Euskal Herri osora hedatu baino lehen”.

Legegintzaldi berria hasi zenetik, udal gobernuak behin baino gehiagotan adierazi du euskarak duen garrantzia. Horren ondorioa da otsailean eratu zen Bilboko Euskararen Aholku Batzordea; Euskaltzaindiaz gain, politika, kultura eta gizarte-arloko zenbait eragilek osatua. Honako eztabaida-organoa ekainean ba-tzartuko da berriz, euskararen normalizazoaz jarduteko arlokako ba-tzordeetan aritu ostean.