Síguenos en redes sociales:

Magiako ikastaroetan eta amateur mailako lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago

Izen emateak apirilaren 4tik 22ra izango dira, www.bilbao.eus eta www.kulturabarrutik.eus/magia webguneetan

Magiako ikastaroetan eta amateur mailako lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago

BILBO. Bilboko Udaleko Kultura Sailak, Txurdinaga eta Otxarkoaga auzoetako Merkatarien Elkarteekin elkarlanean antolatu duen programak, hastapeneko ikastaroa, profesionalei zuzendutako mintegia eta amateur mailako “Atera ezazu barruan daramazun magia” lehiaketaren hirugarren edizioa biltzen ditu, kalean eskainiko diren emanaldiak eta Otxarkoagako Udaltegian eskainiko diren beste batzuk ahaztu barik.

Mago Taylorrek Otxarkoagako Udaltegian eskainiko duen magiaren hastapen ikastaroa, magiaren artea hobeto ezagutzeko interesa duten 16 urtetik gorako guztiei dago zuzenduta. 16 orduko iraupena izango du, maiatzeko astelehen eta asteazkenetan eskainiko da, arratsaldeko 19:30etik 21:30era, eta bertan, Mago Taylorrek, ilusionismoaren oinarrizko printzipioak eskainiko dizkie bertaratutakoei, partaideek kartekin, sokekin eta bestelako materialekin jolasak egiten ikas dezaten. Ikastaroak 25 euroko prezioa izango du. Bizkaiko Mago Ilusionisten Elkarteko presidentea den mago beterano honek ibilbide luzea du eszenako magian, hurbileko magian, umorezko magian eta, horrez gain, aditua da talde txikietan egindako magian (mahairik gabea).

Beste alde batetik, magia mintegia Imanol Ituiñok eskainiko du, eta arte eszenikoekin erlazionatutako pertsonei dago zuzenduta, izan ere, ilusionismoa, antzezle askok euren prestakuntzaren parte gisa erabili dezaketen tresna baita, ondoren antzerkian eskaini ahal izateko. Mintegiak 9 orduko iraupena izango du, eta maiatzaren 9an, 16an eta 23an eskainiko da, arratsaldeko 19:00etatik 22:00etara Harrobia Eskenan, Bilbo-Otxarkoagako Eszena Ekoizpeneko Berrikuntza Zentroan. 12 euroko prezioa izango du jende guztiarentzat, eta 10 eurokoa BilbaoEszenako erabiltzaileentzat eta Artekaleko bazkideentzat.

Imanol Ituiño ilusionismoaren promesa gaztea da, “hurbileko magia” espezialitatean gero eta garrantzi handiagoa lortzen ari dena. Modalitate hori ikus-entzuleengandik gertu egiten da, jende gutxiren aurrean, jolas interaktiboekin. 27 urte dituen Imanolek hainbat lehiaketa irabazi ditu. Horrela, 2008an, Almussafesen (Valentzia) egin zen nazioarteko hurbileko magia lehiaketa irabazi zuen, eta 2014an, Cacereseko Magia Kongresu Nazionalean Aretoko Magia Sari Nazionaleko bigarren saria lortu zuen. Irakaslea da Fábrica de Magos izenekoan, eta ohikoa da lehiaketetan eta kongresuetan ikustea. Leku horietan espezialista handienekin aritu da.

Ikastaroan eta mintegian parte hartzeko izen emateak apirilaren 4tik 22ra egin beharko dira, biak barne, www.bilbao.eus udal webgunearen bitartez.

III. MAGIA LEHIAKETA

Magia Topaketek Amateur mailako Magia Lehiaketa antolatuko dute hirugarren urtez jarraian. “Atera ezazu barruan daramazun magia” goiburua eramango du, eta profesional izan barik, eszenatoki baten gainean magia efektu edo trukoren bat egiteko adina ezagutza eta praktika duten 16 urtetik gorako pertsona guztiek hartu ahal izango dute parte. Interesatuek, 2 eta 10 minutu arteko iraupena duen bideoa bidali beharko dute, gutxienez bi magia efektu erakutsiz, www.kulturabarrutik.eus/magia helbidera. Lehiaketarako bideoak aurkezteko epea maiatzaren 1etik 15era bitartekoa izango da.

Aukeratutakoek, maiatzaren 25ean, arratsaldeko 19:30ean, Otxarkoagako Udaltegian, egingo den ekitaldian hartuko dute parte. Bertan hiru sari emango zaizkie partaide hoberenei, Txurdinagako eta Otxarkoagako Merkatarien Elkarteen laguntzari esker. Irabazleak, 300 euroko esku-diru saria eramateaz gain, hurrengo urteko Magia Topaketetan parte hartzeko aukera ere izango du. Bigarrenak eta hirugarrenak ere esku-diru saria ?200 eta 100 euro, hurrenez hurren? eta akreditazio diploma jasoko dute.