BILBO. Ekimen horren bidez, ikasleen garraioa zein baldintzatan egiten den aztertu nahi da, eta Bilboko Udalak baimendutako ibilbideak eta geralekuak egokiak direla ziurtatu. Era berean, eskola garraioan ari diren ibilgailuak zorrotz kontrolatu nahi dira, Bilboko Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Horretarako, udaltzainek bi azterketa mota egingo dituzte irauten duen bitartean. Lehenengoan administrazio arloko kontrola egingo dute, alegia, ibilgailuen eta gidarien baimenak eta agiriak (gidabaimena eta alkoholemia proba, besteak beste) eskatuko dituzte, eta bigarrenean arreta berezia jarriko zaie zerbitzua ematen duten autobusen ezaugarriei, eskola umeen segurtasuna bermatze aldera.
Udaltzainek arau hausteren bat egin dela ikusten badute, salaketa jarriko dute. Era berean, ziurtatuko dute eskola garraioan dabiltzan autobusek Bilbon egiten dituzten ibilbideak eta geralekuak udalak baimendutakoak direla. Bilboko Udaltzaingoko Koordinazioaren eta Trafikoaren Atalak lortzen dituen datuekin taulak egingo dira, estatistikak osatzeko; horretarako, aldez aurretik ezarritako adierazle jakin batzuetara egokituko dira.
2015eko martxoan eta azaroan egindako kanpainetan, Bilboko Udaltzaingoak ikastetxeetako 29 autobusi kontrolak egin zizkien eta ez zuen salaketarik egin. Datu hau, orokorrean, hirian eskola garraioan darabilten ibilgailuen egoera onaren seinale da, Bilboko Udalaren arabera.