BILBO. Programa honen bigarren ediziora 362 eskari aurkeztu dira. Horietako 26 Otxarkoagan erroldatutakoenak eta 336 Bilboko beste auzo batzuetan erroldatutakoenak.
Gaur goizeko 11:00etan egingo da adjudikazioa, Otxarkoagako Auzo Etxean notarioaren aurrean egingo den zozketa biren bitartez. Auzoko egoiliarren lehentasuna zutenez programa honetan, baldintza hau betetzen zuten 26 eskariek ziur zuten etxebizitza. Hortaz, lehenengo zozketa Otxarkoagan bizi ez direnentzako etxebizitzak adjudikatzeko izango da. Aurreneko fasea amaitutakoan, bigarren zozketari ekingo zaio etxebizitzen aukeratzeko hurrenkera zehazte aldera. Bigarren zozketa honetan adjudikaziodun guztiak sartuko dira, Otxarkoagako egoiliarrak izan zein izan ez. Baldintza berberetan hartuko dute parte.
Zozketa horretan, Goyo Zurro Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeko presidenteak bere poza azaldu du “izan ere, 50 etxebizitza okupatuko dira aurki”. Erakundearen arduradunak gogora ekarri du Udal Etxebizitzak erakundeak 1.253 etxebizitza eta 334 lokal dituela auzoan “hau da, Otxarkoagako higiezinen parkearen herena” eta adierazi du beste ekimen batzuk jarriko direla abian “etxebizitza eta Otxarkoagako ekimen eta jarduera ekonomikoaren sustapena lotuko dituena edo emantzipazio-etxebizitzak gazteentzat”.
277 euroko batez besteko errenta eta 55.000 eurotan salgai
Igandean adjudikatuko diren 50 etxebizitzak tasatu egin dira salmentarako eta hileko errentarako balio justua zehazteko. Kalkulu horretatik atera da 277 eurokoa dela hileko alokairuaren batez bestekoa eta 55.000 eurokoa saltzeko batez besteko prezioa.
Etxebizitzok 39 eta 54 m2 artekoak dira. Berrogeita hamar eraikinetan daude banatuta, kale hauetan: Irumineta, Langaran, Larrakoetxe, Larratundu, Lozoño, Ugarte eta Txotena.
Erosteko eskubideko alokairu babestuko kontratua 5 urtekoa da. Lehenengo urtean erosten bada, errentan ordaindutako kopuruak deskontatu egingo dira prezio osotik; bigarren urtean erosiz gero, % 90 deskontatuko da; hirugarrenean bada % 80, laugarrenean % 70 eta bosgarrenean % 60.
Etxebizitza horiek eskuratzeko 15.000 eurotik gorako diru-sarrerak eduki eta Etxebiden inskribatuta egon behar da Bilbon etxebizitza eskatuz eta egiaztatu egin behar da Bilbon hiru urtez erroldatuta egotea.
Bilboko Udal Etxebizitzak
Bilboko Udal Etxebizitzak TEA Bilboko Udalaren Etxebizitza Sailaren menpeko erakundea da, etxebizitza babestua bultzatzen, esleitzen eta gestionatzen duena bilbotarrek etxebizitza duina edukitzeko beharrizanari erantzuteko, batez ere, errentamenduaren bidez eta, bereziki, duten egoera ekonomikoa zein soziala dela eta, merkatu librean etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunik handienak dituzten kolektiboei begira.
Udal Etxebizitzak erakunde eragilea da Bilbo eraberritzeko jardueran. Iraunkortasun irizpideen arabera dihardu, auzoen arteko oreka eta herritarren bizimoduaren kalitatearen hobekuntza bultzatzen duena.