Artxandako Funikularraren lehen mendeurrena ospatzeko hainbat ekitaldi egingo dira igandean
Castaños eta Uribarriko auzo eta kultur taldeek dinamizatuko dute eguna
BILBO. Castaños eta Uribarriko auzo eta kultur taldeek (Salbatzaile Dantza Taldea eta Bonifacio Castaños Kultur Elkartea) dinamizatuko dute eguna, eta arratsaldez, Artxandako irristaketa pistan, funikularraren goiko geltokiaren ondoan, erromeria izango da.
Horrela, antolatzaileek adierazi dutenez, pertsonak garraiatuko dituzten tren txikiak jarriko dira, Bilboko Trenaren Adiskideen Elkarteari esker. Eguneko meteorologia kontuan hartuta erabakiko da tren zirkuitu txikiko kokalekua, trenek ondo funtzionatzeko lurrak lehor egon behar duelako: eguraldiak uzten badu, Funikularreko plazan jarriko da eta euria egiten badu, Artxandako irristaketa pistan, funikularraren goiko geltokiaren ondoan. Edonola ere, ordutegia 10:30etik 14:00etara bitartekoa izango da.
Bestalde, argazki lehiaketa eta pintura arineko lehiaketa izango dira aldi berean, gaia "Funikularra eta ingurua" izanik. Lehiaketako argazkiak igandean bertan eman beharko dira, 20:00ak baino lehen, Artxandako Funikularreko leihatiletan.
Pintura arineko lehiaketa 09:00etatik 17:00etara bitartean izango da Artxandan, Lorurin eta Funikularreko plazan, eta Funikularreko leihatiletan egin beharko da inskripzioa. Behin lanak amaituta, egun horretan bertan, 16:30etik 17:30era bitartean eman beharko dira Artxandako Txakoli jatetxean.
Lehiaketetan hiruna sari egongo dira, 1.000, 500 eta 250 eurokoak. Jendaurrean izango da sari banaketa, azaroaren 27an, Castañoseko Auzo Etxean. Artxandako plataformak izendatuko ditu epaimahaikideak, argazkigintzan eta arte ederretan kualifikatutako hiru lagun. Epaimahaiaren erabakia saritutakoei zuzenean jakinaraziko zaie eta Artxandako plataformaren Facebook orrian eta udalaren webgunean argitaratuko dira.