Bilbon- Munduko hainbat lekutako musika entzungo da astelehen honetan, urriaren 26an, Euskalduna Jauregian, Bilboko Udal Txistulari Bandaren eskutik. `Bidaia´ izenburua daraman udazken-neguko denboraldiko bigarren kontzertuak gure bandako bost kideak elkartuko ditu. Garikoitz Mendizabal zuzendaria buru dela, Idoia Kareagak, Sabin Bikandik, Gorka Zabaletak eta Asier Garcíak musika-bidaia eskainiko dute Euskal Herriko, Austriako, EEBB-tako, Irlandako edo Frantziako adierazpen folklorikoetatik. Emankizuna dohainik izango da eta arratsaldeko 8etan hasiko da Euskalduna Jauregiko A3 Aretoan.
Euskalduna Jauregiko eserlekutik mugitu gabe, txistu doinuen eskutik munduko hainbat tokitara egiteko bidaia da honako hau. Jarlekuan eseri, akaso begiak itxi, eta kontzientzia alde batera utziaz irudimenari eta sentipenei lekua uzteko tartea. Ikus-entzuleek Austriara edo Frantziara bidaiatu ahal izango dute, musikaren magiari esker.
BILBOKO TXISTULARI BANDA, XXI. MENDEKO JUGLAREAK
Gogoratu Bilboko Txistularien Banda munduko danbolinteroen elkarte profesional bakarrenetakoa dela, Erdi Aroan musika-jole eta juglareen udal taldeak izan zirenaren lekuko bizia. Gaurko Txistulari Bandak 2004ko urtarrilean ekin zion ibilbideari, eta urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina. Era askotako eszenatokietan eskaintzen dituzten emanaldien aniztasunagatik: Euskalduna Jauregiko Auditorioko kontzertuak, barikuetan Zazpi Kaleetako kalejirak, BilbaoMusikaren egoitzako kontzertu didaktikoak edota Bilboko Udaleko protokolozko ekitaldi eta harreretako musika-akonpainamendua.
Azpimarratzekoa da Bilboko Musika Bandarekin egindako mundu mailako estrenaldia, Gregory Fritz amerikarraren “Euskal Dantzak” 2004n. Bandak bere ibilbidean baditu diska batzuk kaleratuak: 2004an “Bilboko Udal Txistulari Banda”; 2006an Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua” izenburua zuena. 2007an “Hala ere” musikari ospetsuen laguntzaz, hala nola, Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabala besteak beste. 2010ean “Kantari Gabonetan” diska Leoiako Kantika Koralarekin. 2014n “Plazan” eta orain,`X urte, hamaika lagun´ CD/DVDa.