Bilbo. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Istorio BIziak-Cuentos encadenaDOS egitaraua jarri du martxan hiriko 2. barrutian. Ahozko narrazioaren inguruko ekimena da, baina bere bokazioa beste formatu batzuk lantzea ere bada, hala nola idatzizko narrazioa, komikiaren eta ikus-entzunezkoaren mundua edo bertsolaritza. Programa barnean, beste ba-tzuen artean, umeentzako ipuin kontalariak, helduentzako ipuin erotikoak, hitzaldiak, tailerrak, ipuin poteoak, Funikularrean egingo diren saioak eta amaiera ekitaldia izango dira, besteak beste.

Guztira, 24 jarduera egingo dira otsailaren 10etik 23ra bitartean Castañoseko eta Zurbaranbarriko Udaltegietan eta barrutiko beste leku batzuetan, Bilboko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez. Istorio BIziak-Cuentos encadenaDOS jarraipena izateko asmoarekin sortu da, eta urtero gai edo ardatz nagusi bat izango du. Horrela, aurten, 2. barrutia kontu kontari goiburua duen egitarauak auzo horietako istorioetan edo oroitzapenetan jarriko du arreta. Lehenengo edizio honetan Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak beste sail edo ekipamendu batzuen laguntza izango du, hala nola kideguneak, gaztegunea, liburutegia, funikularra eta barrutiko jubilatuen eta dendarien elkarteak.

Istorio BIziak-Cuentos encadenaDOS ez da aisialdirako jarduera gisa soilik aurkezten, adin talde guztiei zuzendutako prestakuntza eta sorkuntza ekimen gisa baizik, euskaraz eta gaztelaniaz egingo diren jarduerekin. Horretarako, oso estilo eta teknika anitzetako narratzaileak egongo dira, horietako batzuk nazioarte mailakoak, hala nola Yoshi Hioki japoniarra eta Jose Campanari argentinarra; bertsolari ezagunak ere egongo dira programa honetan.

Bestalde, aurreikusitako jarduera bat ipuin poteoa da, jai giroan ospatuko den proposamen berri-tzailea. Horrela, ipuinen eta bertsoen bitartez, oso ohikoak ez diren lekuetara eta ikusentzuleengana hurbilduko da ahozkotasuna, oraingo honetan Iturriondo plazara eta Funikularraren plazara. Funikularrean bertan saoiak egongo dira otsailaren 16an eta 23an.