BILBAO. Ekimena lotuta dago "Euskera badakizu? El euskera es nuestra lengua, la tuya. Aprende, mejora y comparte el euskera" kanpainarekin, egunotan Bilboko faroletatik eskegita ikus daitezkeen 300 banderolen bidez. "Bilbotarrak euskaltegira hurbildu nahi ditugu, euskalduntze bidean jarri. Bertan topatuko dituzte euskararen ikaskuntza, erabilera eta normalizazioa sustatzeko tresnak", azaldu dute.

2012-2013 ikasturtean 8.000 lagun baino gehiago matrikulatu ziren Bilboko euskaltegietan. 2013-2014 ikasturtean, Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak 166.500 euro bideratuko ditu gurasoen euskalduntzerako, beraiek talde estrategikoa osatzen dutelako hizkuntzaren biziraupenean.

"Bilboko ume eta gaztetxo gehienak euskaraz ikasten dute baina inguru nahiko erdaldunean, gurasoek euskara ikasteko aukera handirik izan ez zutelako batez ere. Laguntzen programa honek berebiziko garrantzia ematen die familiaren barruko harremanei, euskararen kutsu akademikoa gainditu eta etxeko harremanen eguneroko komunikazio bidea bihurtu dadin", azaldu dute.

Aurten 262 izan dira euskara ikasteko laguntza hartu duten gurasoak, eskatutako asistentzia eta aprobetxamendu baldintzak gainditu dituztelako. Bilboko Udalak ia osorik itzuli die gurasoei lehengo urteko irailean ordaindu zuten diru-kopurua. Euskara ikasteko laguntza hau 2013-2014 ikasturtean eskuratzeko baldintzak 2014ko martxoan argitaratuko dira.

Bilbon 18 euskaltegi daude, hiriko zortzi barrutietan kokatuak. Euskaltegien ezaugarriak dira beren gaitasun didaktikoa eta profesionaltasuna, eta eskolaz kanpo euskara erabiltzeko eskaintzen duten aisialdi eta kultura ekimen mordoa.