Berrogei urte luze igaro dira Athleticek kopea azken aldiz irabazi ebanetik. Sekula ez dogu ahaztuko Maradona eta enparauen aurka lortutako garaipen bikaina eta haren osteko ospakizun erraldoia. Ezin izan neban gabarrearen zeharkaldia zuzenean ikusi, lesionaturik nengoalako. Ordutik, bost final jokatu eta galdu dauz Athleticek, lau aldiz Bartzelonaren aurka eta Realaren aurka 2020an. Galtzaile izateaz ganera, zuri-gorriak ondo lehiatzeko gauza be ez ziran izan bost final horreetan. Gaizka Toquerok Mestalla sartutako golak ekarri euskun bost final horreetako une gozo bakarra, beste guztiak garratzak izan ziran-eta.

Esan beharrik ez dago Athletic zaleok garaipen gosez gagozala. Arestian esan bezala, berrogei urtekoa tarte handiegia da kopearen gozotasuna dastatu barik egoteko. Mallorcaren aurka jokatuko dabe zuri-gorriek, orain dala gitxira arte maileari eusteko borrokan ibili dan taldearen aurka. Gauzak horrela, Athleticek aukera bikaina, ezin hobea, dauka kopea irabazteko. Valverdek edota jokalariek ez dabe esango faboritoak dirala baina garbi dago Athletic Mallorca baino gehiago dala, liga txapelketako sailkapenak argi erakusten dauen moduan. Horrek ez dau esan gura, zurigorriek autobusetik jaitsi barik irabaziko dabenik, ez. Mallorca aurkari deserosoa eta gogorra da, bai, baina ez da Bartzelona bat. Badakigu, gatxa izango dala Javier Agirrek zuzentzen dauen taldearen atea zulatzea eta bost atzelariko atzealdea gainditzeak lan nekagarria eskatuko dauela. Badakigu, Mallorcako jokalari asko mutil handiak dirala eta zuri-gorriak kontuz ibili beharko dirala geldikako jokaldietan. Badakigu, Javier Agirrek benetako borrokalari bat daukala aurrealdean, edozein atzealde hausteko gauza dana. Badakigu, baita, Mallorcak Girona eta Reala, ustez talde indartsuagoak, kanporatu dituela finalerako bidean. Kontuak kontu, badakigu finala irabaztea ez dala erraza izango, ez. Halandabe, barriro dinot, Athletic Mallorca baino gehiago da eta ezin deutso ihes egiten itzi aurtengo kopeari. Irabazi egin behar da bai ala bai, La Cartujan agertu daitekezan oztopo guztien ganetik. Bartzelona eta Atletico de Madrid, Europako zortzi onenen artean dagozan talde bi kanporatu dituen Athleticek, ezin dau huts egin Mallorcaren aurka.

Baikor egoteko arrazoiak daukaguz. Athleticek erakutsi dau talde erregularra eta fidagarria dala. Izan be, Ernesto Valverderen taldeak oso maila ona emon dau liga zein kopako partidu gehienetan. Ia guztietan. Zuri-gorriak zorrotz agertu dira aurkariaren atea zulatzeko orduan. Horregaz batera, inoiz baino sendotasun handiagoa erakutsi dabe euren atea jagoteko orduan. Hori dala-eta, Athleticek bere onena emoten badau La Cartujan, garaipena ez da urrun ibiliko. Hori bai, Valverderen gizonek pazientziaz jokatu beharko dabe Javier Agirrek zelaian ipiniko dauen giza hesia hausteko ahaleginean. Zapatukoa egun gogoangarria izango da. Izan be, Athletic zaleek, barriro be, benetako erakustaldia emon dabe euren taldearekiko maitasun itzela erakutsita. Inoiz baino gehiago, Aupa Athletic!!! Gabarrea dogu zain.