Aste Nagusiko XXVII. Hiri Krosa ostiralean, abuztuaren 22an, izango da 17.00etatik aurrera. Bilbon egiten den proba herrikoi eta federatu honen 27. edizioa da aurtengoa, 1997an hasi zenetik.

Hamazortzi urtetik gorakoen irteera (kategoria absolutua) 18.25etik aurrera egingo da, 6 km-ko distantziarekin. Proba hori Epaltzaren Alarguna kaletik hasiko da, eta ondoren: Areatzatik, Areatzako zubitik, Erripatik, Uribitarte pasealekutik, Guggenheim museoaren aurretik eta Euskalduna Jauregitik pasako da. Azkenik, Itsas Museoan buelta emango du Epaltzaren Alarguna kalean kokatutako helmugara itzuli arte.

Gainerako kategorietako irteerak eta iritsierak ere Epaltzaren Alarguna kaletik egingo dira, eta ibilbidea Areatzako jai-esparruan egingo da. Kategoria horietan, txikienek (0-18 urte bitartean) eta Gurpildun Aulkiko Kirol Egokitutako pertsonek ere egingo dute korrika.

Edizio hauetan guztietan euskal atletismoko eta nazioarteko eliteko atletak izan dira irabazle: Asier Zarraga, Rakel Llamas, Martin Fiz, Yesenia Centeno, Sergio Sanchez, Estibaliz Urrutia, Txomin Martin, Virginia Berasategui, Javi Conde, Cristina Petite, Diego Cuadrado, Brahane Ragassa, Ivan Fernandez, Aicha Bani...

2024ko edizioko azken irabazleak Diego Cuadrado (Santander) eta Andrea Mediero (Portugalete) atletak izan ziren. Probaren marka Diego Cuadrado atleta kantabriarrak hautsi zuen 2022an, 18 '04 "-ko erlojupekoarekin. Irene Lozano Abadiñoko atletak 20' 29ko erlojupekoa ezarri zuen 2018an.

Kategoria guztiak kontuan hartuta, 2.000 korrikalari inguruk parte hartzea espero da. Aurreko edizioetan bezala, kategoria absolutuko lasterketak (18 urtetik gorakoak) dortsal txipa izango du.

Aurten Bilbao Artizarrak emakumezkoen taldeko 15 futbolarik eta Mikel Calahorra triatletak parte hartuko dute (Hawaiiko bost ironman ediziotan hartu du parte, 2009an, 2011n, 2014an, 2016an eta 2017an).

Dortsalak probaren egunean bertan jaso ahal izango dira, 11.00etatik 15.00etara, Areatzako aterpean (Pinpilinpauxako txosnen ondoan) edota ostegunean, hilak 22, Zabalbide kaleko 5 zenbakiko lokalean, 11.00etatik 13.00etara.

Proba amaitzen duten atleta guztiek Bilboko Konpartsen kamiseta eta hornidura jasoko dute. Francis Diez pregoilariak eta Olatz Agirre txupinerak banatuko dituzte sariak, 19.30etik aurrera, Areatzako aterpean.