Aste honetan iraupen luzeko zaintza-politiken arloko nazioarteko ikertzaile eta aditu nagusiak bilduko dira Bilbon, Iraupen Luzeko Zainketen arloko ebidentzian oinarritutako politikei buruzko Nazioarteko 7. Konferentzian (ILPN Conference). Kongresu honen bidez, Bizkaia funtsezko foroa izango da biztanleriaren zahartzearekin, bizitza-luzerarekin eta zaintza-sistemen modernizazioarekin loturik dauden erronkei buruzko nazioarteko eztabaidaren alorrean, egungo eta etorkizuneko beharrei erantzute aldera. Iraupen luzeko zainketen arloan adituak diren pertsonen artean mundu osoan erreferente den nazioarteko biltzar hori katalizatzaile bat izango da arlo horretako ezagutzak trukatzeko eta hobetzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu du ekitaldi hau, The International Long-Term Care Policy Network (ILPN) eta London School of Economics and Political Science (LSE) erakundeekin elkarlanean jardunik. Kongresua bi urtean behin egiten da, eta haren egoitza Londresen eta Erresuma Batutik kanpoko beste hiri baten artean txandakatzen da.
Bost kontinenteetako espezialistak eta adituak zainketen arloan
Iraupen luzeko zainketen esparruan oinarriturik dauden politikei eta praktikei buruzko ILPN 2024 Nazioarteko 7. Biltzarrak hogeita hamar herrialde baino gehiagotako 300 parte-hartzaile baino gehiago bilduko ditu: ikertzaileak, akademikoak, arduradun politikoak, zainketen sektoreko ordezkariak eta Europako eta tokiko beste eragile sozial eta ekonomiko batzuk, ebidentziak, ideiak, esperientziak, ikuspegi politiko berriak eta alor horretako berrikuntzak elkarrekin trukatzeko eta iraupen luzeko zainketen arloan erronkak partekatzeko behatoki handi bat izateko asmoz.