Sestaoko Udaleko Kirol Zerbitzuak korrika egiteko ohitura herritarren artean sustatzeko ekimen bat jarriko du martxan. Jesús Amenedo Kirol zinegotziak gogorarazi duenez, 2018an Kirola Sustatzeko Taldeak zortzi ibilbide osasungarri diseinatu zituen, jendeak Sestaon eta inguruan ibiltzeko ohitura har zezan. Jarduera honetan bost saio antolatuko dira taldean korrika egitera ateratzeko, kirol-begirale baten ikuskaritza eta aholkularitzapean.
"Ideia horri jarraipena emateko, gaur beste proposamen bat aurkezten dugu, korrika egiteko ohitura jendearen artean sustatzeko, bizimodu osasungarri baten osagarri gisa. Horretarako, bost data ezarri ditugu martxoan eta apirilean, kirol-monitore batek lagunduta, taldean korrika egitera ateratzeko. Monitore horrek saio bakoitza hasi aurretik eta amaitzean egin beharreko beroketa- eta errekuperazio-ariketak azalduko dizkie parte-hartzaileei, eta jarraibideak emango dizkie ibilbidean zehar, behar bezala korrika egin dezaten ", azaldu du Amenedok.
Irteera goizeko 10etan izango da beti Kasko plazatik. Doako jarduera da, eta bertan parte hartzeko irteera-puntuan adierazitako orduan aurkeztea besterik ez da behar.
Jesús Amenedoren iritziz "jarduera hau aukera ona izan daiteke kirola egiteko ohitura hartzeko modu gisa korrika egiten hastea pentsatzen ari diren guztientzat; eta gainera, pizgarria ere izan daiteke beste pertsona batzuekin batera eta praktikatzeko modurik onena zein den adieraziko dien profesional baten begiradapean egin ahal izatea".
Aukera hori aprobetxatuz, Sestao Kirolak erakundeak Sestaon eta inguruko udalerrietan korrika egiteko 16 ibilbide biltzen dituen gida bat diseinatu du. Gida hori udalaren webgunean argitaratuko da, interesa duten pertsona guztien eskura jartzeko. "Ibilbide laburrena 4 kilometrokoa da eta luzeena, berriz, 14 kilometrokoa, eta zailtasun-maila desberdinetarako pentsatuta daude. Jendeak ibilbide horiek deskargatzea eta egitera animatzea espero dugu".
Berrikuntza horiek posible izan dira Kirol Sailean enplegu-planen bidez sortu den Kirola Sustatzeko Taldearen lanari esker.