1957ko abenduaren 28an, dolomia harria ateratzen ari ziren Donosa izeneko harrobian, Ranero haitzaren oinetan. Leherketa baten ondorioz, ustekabean, Pozalagua haitzuloa aurkitu zuten. Gaur, 2023ko abenduaren 28an, 66 urte bete ditu aurkikuntza horrek.

Egun osoan zehar ospatu du Pozalaguak gertaera gogoangarria hura FlashBack bisita tematikoak eginez: bisitariek aukera izan dute, denboran atzera egin, eta harrobiko langileek kobazulora lehen aldiz sartu zirenean sentitu zutena bizitzeko.

Esperientzia paregabea izan da Pozalagua modu guztiz desberdin batean deskubritzeko, eta bertan izan dira Sonia Pérez Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko foru-diputatua eta Leire Sáez Turismoko zuzendaria, euren babesa emateko bai turismo-sektoreari eta bai helmuga turistiko garrantzitsu horri.

Gainera, pertsona guztiek izan dezaten aukera egun berezi horretaz gozatzeko, errealitate birtualeko Oculus Meta Quest errealitate birtualeko betaurrekoak erabili ahal izan dira. Gailu horiei esker, pertsona bakoitzak bisita dinamiko eta desberdin bat egin ahal izan du kobaren barrualdean nahiz inguruetan, modu birtualean.

Bestalde, Mendi Solidarioen Elkartea dibertsitate funtzionaleko talde batekin izan da bertan, baliabide turistikoaren inklusibitateari balioa emateko. Ekintza guzti horiek doan izan dira bisitarientzat. Era berean eta azken urteetan egin ohi den bezala, Gabonetako oporretan, hau da, abenduaren 26tik urtarrilaren 7ra, langabezian dauden pertsona guztiek izango dute aukera dohainik sartzeko bai Pozalagua haitzulora eta bai Dolomitas Museora.