Foru Aldundiak ongietorria egin dio Usansolori Bizkaiko Lurralde Historikoko 113. udalerria bilakatu eta gero
Ahaldun nagusiaren iritziz, "prozesu hori behar bezala burutu da"
Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak atseginez hartu du Usansolo behin betiko bilakatu izana Bizkaiko Lurralde Historikoko 113. udalerria, Toki Erakundeen Erregistroan inskripzioa egin ondoren. "Hasiera-hasieratik zabalkundea egin genuen herritarrek Usansolo beste udalerri bat izan zedin egindako eskaeraz, eta, aldi berean, geure foru-arauak ematen digun eskumena baliarazi dugu. Pozik egoteko eguna da. Zorionak Usansolo eta zorionak Bizkaia", adierazi du.
Ahaldun nagusiaren iritziz, «prozesu hori behar bezala burutu da, ondo, Usansolo Bizkaiko beste udalerri bat bilakatuta. Prozesu luzea izan da, eta hura bultzatuz Aldundiak defendatu egin du foru-araudia, geure eskumena, eta horrekin bete ditu Batzar Nagusien mandatua eta herritarrek adierazitako borondatea, beharrezkoa izan den lekuan eta berme guztiekin».
Bizkaiko Foru Aldundiak behar ziren urrats guztiak egin ditu egun honetara iristeko, kontuan harturik Bizkaiko Lurralde Mugapeei buruzko 9/2012 Foru Arauan ezarritakoa eta konplimendu emanez Bizkaiko Batzar Nagusiek 2022ko azaroaren 23ko erabakian jasotako mandatuari, «une oro geure jarrera mantenduz eta defendatuz», azpimarratu du Etxanobek.
Arbitraje-batzordearen sorrera eta izendapena
Errealitate hori mamitzeko xedez, eta hurrengo urratsak egiteari begira, Batzar Nagusien erabakiko zehaztapenak bete behar dira, besteak beste honako hauei dagokienez: ondasunak, eskubideak, akzioak, erabilera publikoak eta aprobetxamenduak banatzea, baita betebeharrak, zorrak eta kargak ere, tokiko zerbitzu publikoak ematea eta udal berriko langileak kudeatzea, Galdakaoko Udaletik enplegatuak transferitzea barne.
Bizkaiko Batzar Nagusien erabakiaren interpretazio egokia bermatzeko eta desanexioa dela-eta etorkizunean sor daitezkeen auzigaiak ebazteko, erabakiak berak ezartzen du arbitraje-batzordea deritzona sortzea. Hona batzorde horren konfigurazioa:
- Batzordeburua: Udal-mugapeen arloan eskumena duen saileko foru-diputatua izango da, edo hark eskuordetzen duen pertsona. Kargu horrek foru-diputatuaren maila izan beharko du, edo Bizkaiko Foru Aldundiko zuzendari nagusiarena.
- Batzordekideak: Batzordekide izango dira Usansoloko Udalaren hiru ordezkari eta Galdakaoko Udalaren hiru ordezkari, zeinek elkarlanean jardungo baitute desanexio-prozesuaren alderdi garrantzitsuei heltzeko.
- Idazkaria: Bizkaiko Foru Aldundian udal-mugapeen arloan eskumena duen saileko funtzionario batek izango du eginkizun hau. Idazkaritzak zeregin erabakigarria izango du prozeduren koherentzia eta eraginkortasuna bermatzeko.
Bizkaiko Foru Aldundia prozesu garden eta kolaboratibo batekin konprometituta dago, desanexioa era ordenatuan eta bi komunitateen mesedetan egingo dela ziurtatzeko. Jarraipen-batzorde hori sortuz, foru-erakundeak erakustera ematen du etorkizunean sortzen den edozein erronka eraginkortasunez konpontzeko duen konpromisoa.