Bizkaiko Foru Aldundiak 1.470.000 euro bideratuko ditu euskara sustatzeko
Euskara gizartearen esparru guztietan sustatzeko eta zabaltzeko konpromisoa berresten du
Bizkaiko Foru Aldundiak 1.470.000 euro esleitzen ditu 2024an euskara sustatzeko funtsezko hiru arlotan: hizkuntzaren sustapena, euskarazko aldizkako argitalpenen edizioa eta euskarazko produktu digitalen garapena. Foru Erakundeak urtarrilaren 15ean irekiko du Bizkaian euskara sustatzen duten merkataritza-sozietateei, kooperatiba-sozietateei, banakako enpresaburuei, profesionalei eta irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuei zuzendutako dirulaguntzen deialdia. Dirulaguntzak eskatzeko epeak kategoriaren araberakoak dira eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez egin ahal izango dira.
Dirulaguntza hauen helburua euskara hiru arlo nagusitan sustatzea da: hizkuntzaren erabilera sustatzea, euskarazko aldizkako argitalpenen edizioa eta ingurune digitalean euskararen presentzia bultzatuko duten produktuak garatzea. Bizkaiko Foru Aldundiak euskara gizartearen esparru guztietan sustatzeko eta zabaltzeko konpromisoa berresten du, lurraldean funtsezko kultura- eta hizkuntza-ondare moduan duen garrantzia aitortuz.
200.000 euroko aurrekontua erabiliko da euskararen erabilera era aktiboan sustatzen duten proiektuei laguntzeko. Eskabideak aurkezteko epea 2024ko urtarrilaren 15etik 2024ko martxoaren 15eko 13:30ak bitartekoa izango da.
Era berean, Foru Aldundiak 1.070.000 euro bideratuko ditu toki, eskualde eta lurralde mailako euskarazko argitalpenak sortzeko. Eskabideak aurkezteko epea 2024ko urtarrilaren 15etik 2024ko otsailaren 12ko 13:30ak bitartekoa izango da.
Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak aprobetxatzeko, 200.000 euro esleituko dira ingurune digitalean euskararen presentzia sustatzen duten proiektuetarako. Eskabideak aurkezteko epea 2024ko urtarrilaren 15etik 2024ko otsailaren 12ko 13:30ak bitartekoa izango da.