Síguenos en redes sociales:

Bilboko udalbatzak emisio gutxiko eremua arautuko duen ordenantza-proiektua aprobatu du

Pixkanaka ezarriko da 2029aren amaierara arte

Bilboko udalbatzak emisio gutxiko eremua arautuko duen ordenantza-proiektua aprobatu duBilboko Udala

Bilboko Udalbatzak gaurko bilkuran aprobatu du etorkizuneko emisio gutxiko eremua arautuko duen ordenantza, joan den azaroan Gobernu Batzordeak hasieran onetsitako testuari oposizioko taldeek aurkeztutako zuzenketak eztabaidatu ondoren. Hasierako onespena eman ondoren, testua jendaurrean jartzeko epea hasiko da, herritarrek alegazioak aurkez ditzaten, jendaurrean jartzeko ezarritako legezko epeak betez.

Ordenantza urteko lehen hiruhilekoan onetsiko da behin betiko, eta pixkanaka ezarriko da 2029aren amaierara arte, biztanleak egokitu ahal izateko. Ordenantzak adierazten du emisio gutxiko eremua uriaren erdigunea izango dela –Abandoko barrutia–, egunero Bilbora ibilgailu gehien erakartzen duen gunea baita.

ARAUKETAK ETA SALBUESPENAK

Ordenantzak, arauketak eta salbuespenak zehazteko, abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, ibilgailuak kutsatzeko ahalmenaren arabera zenbait kategoriatan sailkatzen ditu, ingurumen-bereizgarriekin:

  • Gutxi kutsatzen duen ibilgailua: 0 emisioko ibilgailua, ECO eta C.
  • Ibilgailu kutsatzailea: B ibilgailuak.
  • Ibilgailu oso kutsatzailea: A ibilgailuak.

Onetsi den ordenantza-proiektuaren arabera, gutxi kutsatzen duten ibilgailuak, bizikletak, bizikleta elektrikoak, beste ziklo batzuk eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak emisio gutxiko eremuan libreki sartu eta ibili ahal izango dira, bai eta bertan aparkatu ere. Aitzitik, lanegunetan, astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 20:00etara, ibilgailu kutsagarriek eta kutsatzaile handiek sarrera, zirkulazioa eta aparkatzea mugatuta izango dute, salbuespenak eta luzamenduak izan ezik.

Araudia betetzen ez dutenek 200 eurorainoko zehapenak izango dituzte, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legean xedatutakoaren arabera. Bilboko emisio gutxiko eremuan sartzeko, ibilgailuek ez dute eraman behar bereizgarri fisikorik, ezta eranskailurik ere, eremuaren sarreran jarriko diren matrikula-irakurgailuen bidez egingo baita kontrola.

Murrizketa horien aurrean, salbuespenak aurreikusi dira, hala nola emisio gutxiko eremuan erroldatuta dauden eta ordenantza hau indarrean jarri aurretik Bilboko Udalaren Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zergaren erroldan alta emanda dauden egoiliarren ibilgailuei eragingo diena (edozein ingurumen-bereizgarri dutela ere).

Araudi honetatik salbuetsiko dira, halaber, ibilgailu eta egoera jakin batzuk, hala nola larrialdietako ibilgailuak, funtsezko zerbitzuetako ibilgailuak, ibilgailu historikoak eta mugikortasun urriko pertsonak garraiatzen dituzten ibilgailuak, besteak beste.