Bilboko Udalak Zurrumurruen aurkako estrategiaren 10. urteurrena ospatu zuen Zabalguneko atarian 50 lagun baino gehiagorekin. Zenbait eragilek parte hartu zuten ekitaldian, eta, bertan, sakon aztertu zituzten estrategiaren ibilbidea eta epe luzerako helburuak. Hain zuzen, estrategiak hamar urte daramatza jatorri atzerritarreko bilbotarren aurkako aurreiritziak eta zurrumurruak desegiten eta kulturarteko klabe horretan bizikidetza baketsua sustatzen.
Ataria alfonbra gorriz jantzi zuten azken 10 urteetako mugarri handiak errepasatzeko. Bide horretan, ia 500 laguntzaile batu dira estrategiara, norbanako gisa zein elkarteen ordezkari gisa, eta askotariko ekintzak antolatu dira: 50 prestakuntza-ekintza baino gehiago, 200 sentsibilizazio-ekintza... Horrela, bilbotarrek, Udaleko Immigrazio Kontseiluaren elkarteekin lankidetzan, aktiboki eta borondatez parte hartzen dute proiektuan, zurrumurruen aurkako eragile gisa.
Estrategiaren hasieratik, Udalak material didaktiko eta informatibo ugari sortu ditu; esaterako, zurrumurruen aurkako argumentarioa, agenteentzako gida bat, helduentzako quizz motako joko bat... Ekitaldian, Bilboko Udalak duela 10 urte sortutako sarearen ibilbidea ospatu zuen. Hain zuzen, sare horren bidez, giza eskubideen arloko zenbait erakunde garrantzitsuren aintzatespenak jaso ditu Udalak, hala nola Europako Kontseiluarena –Intercultural Cities programarekin–, Eurocities-ena, Gazteria Institutuarena eta Oberaxe-rena (Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Behatokia).
Kontxi Claver Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazioko zinegotziak eman zion hasiera jardunaldiari, eta nabarmendu zuen "gizartea eraldatzeko ekintzaz, ilusioz, aniztasunaz, borondatez, asmoz eta interesez betetako aldi" batean gaudela: "Bilbo aurreiritzirik, estereotiporik eta zurrumurrurik gabeko hiri bihurtu nahi dugu, guztion arteko bizikidetzaren aldeko apustua egiten duen hiri, eta, horretarako, eredu gisa hartu nahi dugu kulturarteko eredua, zeina berdintasunaren, aniztasunarekiko errespetuaren eta aitorpenaren eta interakzio positiboaren bidez gauzatzen baita".
Ondoren, Maya Amrane (Biltzen), Andrea Ruiz (Begirune) eta Fontso Cantera (Ellacuría Fundazioa) mintzatu ziren, eta zenbait alderdi aztertu zituzten, hala nola zurrumurruen aurkako estrategiaren helburuak, kultura-aniztasuna kudeatzeko ereduak eta herritarren parte-hartzea.