Síguenos en redes sociales:

Bilbok 701 miloi euroko aurrekontua izango du 2024an

Agintaldi honetako lehen aurrekontua ere izango da

Bilboko Udalak datorren urterako behin betiko aurrekontua onartu du. Guztira, 701 milioi euro izango dira, 2023an baino % 5,7 gehiago. Agintaldi honetako lehen aurrekontua ere izango da. Kontuak onartuta, makineria instituzional guztia aktibatuko da, urtarrilaren 1etik aurrera uriak aurrekontu berriekin funtzionatzen jarrai dezan. Hala, aurkeztutako erreklamazio guztiak baztertu dira, eta azken irizpena EAJ/PNV eta PSE-EE taldeek osatutako gobernu-taldearen aldeko botoekin onartu da.

Azken hilabeteotako eztabaiden eta akordioen emaitza gisa, aipatutako kopuru globalak oposizioko talde politiko guztien zuzenketak ere jasotzen ditu, guztira ia 1,5 milioi eurokoak.

Juan Mari Aburto alkateak hitz batzuk esan ditu saioaren amaieran: "Uri honen garrantziarekin eta tamainarekin bat datorren aurrekontua egin dugu. Aurrekontua berriz ere handitu dugu, herritarrekin ditugun konpromisoak betetzeko eta Bilbo eta bilbotarren bizi-kalitatea hobetzen jarraitzeko. Aurrera egingo dugu aurreko ekitaldietan ezarritako ildoekin eta etorkizuneko estrategiekin, eta lanean jarraituko dugu Bilboko garapen jasangarriaren eta ekonomikoaren eta nazioarteko proiekzioaren alde.Zalantzarik gabe, lan handia da, etenik gabea, baina jo eta ke jarraituko dugu".

EGONKORTASUNA, ZORROZTASUNA ETA ZORRIK GABEKO KONTUAK

Datorren urteko euro guzti-guztien lehentasunak dira pertsonak, auzoak, ekonomia, enplegua, segurtasuna, mugikortasuna, kultura, etxebizitza eta kalitatezko zerbitzu publikoak, eta konpromiso irmoa dago zorrik gabeko kontu saneatu, sendo eta kaudimendunen egonkortasun, zorroztasun eta orekatuak zaintzeko, bai uriaren beharrei erantzuteko, bai ezustekoei aurre egiteko. 

Alkateak udal osoa zoriondu du aurrekontu berria egiten parte hartzeagatik eta izandako inplikazioagatik, eta, bereziki, Marta Ajuria Ogasun zinegotzia eta bere taldea zoriondu ditu; izan ere, aurrekontua "Udalaren, bere sailen eta sozietateen tresna garrantzitsuenetako bat da, uriak urteko 365 egunetan ondo funtzionatzea ahalbidetzen duena".

ZIFRA ETA PROIEKTU NAGUSIAK

Zifra orokorrei dagokienez, 701 milioi euroetatik, 121 milioi euro udal-inbertsio publikorako erabiliko dira –eta, haietatik, 64 milioi euro auzoetako esku-hartze zehatzetarako–, eta 331 milioi euro oinarrizko zerbitzu publikoetara (argiteria, saneamendua...) bideratuko dira.

2024rako proiektuen artean, besteak beste, Auzokide Planeko lanak daude. Hain zuzen, Auzokide Planaren partidak 2 milioi egin du gora, guztira 14 milioi euro egin arte, eta 4 milioi euro gehiago daude Bilboko auzoetako obra osagarrietarako. Halaber, beste partida batzuk daude saneamendu-sarea eta ur-hornidura berritzeko, Deustuibarreko uholde-biltegia egiteko, argiteria hobetzeko planerako eta goiko auzoetan irisgarritasun handiagoa lortzeko igogailu eta eskailera mekaniko berriak jarrita Masustegi, Artazubekoa, Moncada, Urretxindorra eta Harrobi kaleetan, Ureminetan eta Otxarkoagan, besteak beste.

Halaber, nabarmentzekoak dira ekimen hauek: Artxandako Topaleku parkea; etxebizitzen sustapena (udal-etxebizitzak); bizikleta-konexioak Zumalakarregin eta Irala-Miribillan; enplegu-planak eta Ekintzailetzako Nazioarteko Zentroa (BAT), garapen ekonomikoan aurrera egiteko; hobekuntza-obrak Portuko Markesaren kalean eta ondokoetan; espaloiak handitzeko lanak Madariaga etorbidean eta Camilo Villabaso kalean (Errekalde) eta urbanizazio-lanak Cantalojas kalean (San Frantzisko); Malaespera meategiaren balioa nabarmentzeko egokitzapena; Remar-Sarrikueko parkea; Pio X.aren biribilgunea; polizia-ibilgailuak berritzea; Papelera Kunsthal eraikina egokitzea; Artxandako funikularra modernizatzea; Kobetamendiko ezponda egonkortzea; etxerik gabeko pertsonentzako ostatu-programak; kirol-eremuetan eta jolas-parkeetan estalkiak; udaltegi berria Zorrotzan, eta hiri-proiektu berriak, hala nola San Mamesen egingo den Women's Champions League 2024ko UEFAren finala.