Anezka izeneko Enplegu eta Ekintzailetza Anezken programak Bizkaian 605 pertsona baino gehiago laneratzea lortu du gaurdaino. 2016an Santa María la Real Fundazioarekin batera martxan jarri zenetik, 61 anezka garatu dira. Bukatu diren 57 anezken zifren arabera, 947 parte-hartzaileetatik % 63,82 laneratu dira. Martxan dauden 4 Anezkak 2024ko otsailean bukatzen direnean, guztira 1.028 izango dira Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailari atxikitako DEMA- Enplegu eta Ekintzailetzako Foru Agentziak kudeatutako ekimenean parte hartu duten erabiltzaileak.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren foru diputatuak ziurtatu du Anezka horiek "erabiltzaileen enplegagarritasuna hobetzen dutela, enpleguarekiko duten jarrera hobetzen baitute". "Horrek ondorio positiboak ditu beraien osasun emozional eta mentalean, eta beraien gaitasunekiko konfiantza handitzen dute", gehitu du. Diputatuaren arabera, Enplegu Anezkak "taldeko lana dira", eta parte-hartzaileek "taldearen babesa jasotzen dute, elkarren osagarri dira, eta askotariko talentuen aniztasuna baliozkotzen dute, denek lortu nahi dutena eskuratzeko: hau da, lan duina".

Anezka Enplegu eta Ekintzailetza Anezken programa Lanbiden izena emanda dauden langabe eta landunei zuzenduta dago eta enplegu hobekuntzako prozesuen barnean sartzen da. Programaren helburuen artean dago langabeen gaitasunak eta enplegagarritasuna hobetzea, eta lortzea ohiko moduan langabeziari lotzen zaizkion jokaera pasiboak albo batera utzi eta beren gaitasunak indartzea, taldean elkarri lagunduz eta elkartasunez lan eginez, eta esfortzuak batuz helburu komuna erdiestea: hau da, lana lortzea, bai norbere kontura, bai besteen kontura ere.

Azken finean, xedea parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzea da, eta horretarako jarrera aktibo batean kokatzen dira lan merkatuaren erronkei aurre egiteko anezken, langabeez osatutako talde heterogeneoen, bolondresen eta bestelako parte-hartzaile aktiboen bidez. Hala, antolatu egiten dira eta enpleguan aditua den teknikari baten laguntza jasotzen dute lan bilaketa sustatzeko, bai besteen kontura baita norbere kontura ere, zeren eta kide guztiak laneratzeko askotariko bideak esploratzen baitituzte.

Gaur egun, anezka bakoitzean 20 parte-hartzaile egoten dira, eta gutxi gorabehera 4 hilabeteko jarduketa zuzena egiten da beraiekin. Anezketan egiten dituzten jarduera nagusien artean daude taldeko saioak. Horietan, prestakuntza pilulak jasotzen dituzte eta taldeko jarduerak gauzatzen dituzte; horretaz gain, banakako saioak egiten dituzte anezkaren teknikari arduradunarekin, enpresekin ere saioak egiten dituzte, enplegu foroetan, topaketetan eta ekimenetan parte hartzen dute eta horiek antolatzen dituzte, anezka arteko topaketak eta jardunaldi orokorrak egiten dituzte intereseko gaien inguruan (besteak beste enplegu hobi berriak eta gure lurraldeko enpresa sarea), ekintzailetza tailerrak antolatzen dituzte parte-hartzaile guztientzat, eta ibilbide praktikoa sortzen dute negozio ideiaren bat dutenentzat. Aurreko guztiez gain, askotariko gai garrantzitsuen inguruko tailerrak gauzatzen dituzte anezken parte-hartzaileei zuzenduta, besteak beste norbere marka, autoezagutza, langileak hautatzeko elkarrizketak eta abar, eta azkenik, gaitasun digitalak lantzeko tailerrak egiten dituzte baita ere.