Bilboko Udalak eskola-oporrak aprobetxatu ditu ikastetxeetan hobekuntzak egiteko. Aste honetan hasi da ikasturtea 10.373 haurrentzat, udal titulartasunekoak diren haur-hezkuntzako eta lehen eta bigarren hezkuntzako 34 zentroetan eta 16 haurreskoletan. Zentzu honetan, Bilboko Udalaren Hezkuntza Sailak 61 esku-hartze egin ditu oporretan zehar zentroetan. Obra edo esku-hartze hauek zaintza-, mantentze- eta konponketa-lanak egiteko izan dira batez ere. Hobekuntza horiek baliagarriak izango dira hasi berri den ikasturtea horretarako erabat prestatuta dauden ikastetxeekin egiteko.

Jarduketa horien artean egon dira bai zuzenketazko eta prebentziozko mantentze-lanak, bai inbertsioak jolastoki inklusiboetan, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. Besteak beste, margotze- eta arotzeria-lanak egin dituzte, ikasgelak berritu dituzte, estaltze-lanak ere egon dira eta aldageletan ere jardun dira.

Eider Bilbao Hezkuntza Saileko zinegotziak zera nabarmendu du: "Beharrezkoak diren lanak egin nahi ditugu, hezkuntza-jarduera eragotzi gabe. Hori dela eta, saiatzen gara jarduketak oporraldietan elkartzen, horrek zailtasunak badakartza ere". Guztira, 28 eskolatan aritu dira.

Hezkuntza Sailak, 2023an, 4.854.022 euro bideratuko ditu, guztira, ikastetxeetan zaintza- eta mantentze-lanak egitera. Besteak beste, eta Eusko Jaurlaritzaren finantziazioaren laguntzarekin, jolastoki inklusibo berri bi sortu dira, Luis Briñas eta Viuda de Epalza ikastetxeetan.

"Jarduketa horien bitartez, tokiko agenda politikoaren ardatzean jartzen dugu Bilboko eskola publikoa; tokikotik igarotzen baita dena. Hezten eta ikasten duen Bilbo baten eraikuntza-prozesuan Udalak duen papera indartu nahi dugu. Kalitatezko hezkuntza inklusibo eta ekitatiboa bermatzeko asmo irmoa dugu. Horrekin batera, ikasteko aukera eman nahi diogu mundu guztiari, bizitza osoan zehar", esan du zinegotziak.

Horrez gain, Eider Bilbaok nabarmendu du "Bilbok funtsezko papera" duela "hezkuntzarako eskubidea errealitate bihurtzeari dagokionez", eta adierazi du aukera dugula "eskubide hori hobetzeko, ikasten laguntzen duten baliabideak eskainiz. Alegia, eskola behar baino lehenago uztea eta eskola-porrota prebenituz; ikasle zaurgarrienei laguntza integrala eskainiz; bizitzan zehar modu integralean ikastea sustatuz, enplegagarritasuna ere hobetzeko; ikastetxeekin lankidetzan arituz, jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak garatzeko; eskola-kirola sustatuz, eta abar".

Hezkuntza Saileko zinegotziaren ustez, "Udalaren sail guztietatik hezteko erantzukizuna dugu, modu transbertsalean: Hirigintzatik, Ingurumenetik, Kulturatik, Kiroletatik, Mugikortasunetik… Horrela, bada, Bilboko Udalak eskola publikoaren aldeko bere apustua berretsi du, eskumen hori modu esklusiboan kudeatuko duen gobernu-sail batekin".