Gizarte Ekintzako diputatu Amaia Antxustegik ostegun honetan iragarri du 2024. urtearen amaierarako Bizkaiko 11 zentrotan aplikatuko dela etxeTIC arreta-eredua, izan ere, hainbat udalerrira eramango da. Era honetan, mendekotasuna onartuta daukaten 5.000 pertsonek eta beren zaintzaileek erabili ahal izango dute.

Zerbitzu hau Bilboko Etxaniz zentroan eta Etxebarrikoan ematen da dagoeneko, eta irailaren amaieran Zallakoa irekiko da Enkarterri osorako. Hurrengo, Basauriko eta Mungiako zentroak irekiko dira (eraikitzen ari dira), eta datorren urteko bigarren seihilekoan etxeTIC ereduko zentro bihurtuko dira Ugaokoa, Leioako Estartetxe, Abanto-Zierbenako Bizigura, Bilboko Santutxu auzoko Karmelo, Sestao Berria eta Ondarroakoa (hau behin-behinean, harik eta Markina-Xemeingoa, Lea-Artibai osoko zentroa izango dena, abian ipini arte).

EtxeTIC zentroetan mendekotasunean dauden pertsonek eta beren zaintzaileek etxeko zaintzen ekosistemari laguntzeko plana daukate. Plan horretan mendekotasunean dagoen pertsona eta beraren zaintzailea artatzeko ekintza pertsonalizatuak ezartzen dira, eta horien osagarri laguntza-teknologiak, tableta eta jardun-eskumuturrekoa. Horiek monitorizatzen eta arriskuei aurre hartzen laguntzen dute aldizkako jarraipenarekin. Beraz, esku-hartzeetan lineako arreta eta zentroan bertan noizean behin jasotzen den arreta uztartzen dira. Horrez gainera, hogei bat pertsonak eguneko zentroetako ohiko arreta jasotzen dute.

Amaia Antxustegi diputatuaren ustez, "teknologia eta gizakien arteko harremanak uztartzeak aukera asko ematen ditu mendekotasunean dauden pertsonei eta beren senideei laguntzeko". Horregatik, esan duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak abian ipini duen zerbitzu berri hau "doako zerbitzu publiko onuragarria da, eta oso baliagarria mendekotasunean dauden pertsonei eta beren zaintzaileei laguntzeko eta etxean ematen den iraupen luzeko arreta sustatzeko hurbileko zentro komunitario batetik, teknologia berrien potentziala bertatik bertarako arretaren osagarri eta lagungarri modura erabiliz. Zerbitzu honi esker pertsona guztiak etxean bizi daitezke, nahi izanez gero".