Barakaldoko Udaltzaingoak bi gazte atxilotu ditu asteazkenean goizaldean etxebizitza bateko leihotik sartzen saiatzeagatik. Gertaera Burtzeña eta Lutxana auzoen artean gertatu zen, eta euren asmoa etxebizitza okupatzea zen, Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila saileko zinegotzi Ángel Madrazok azaldu duen moduan.

Esku-hartzea 0:00ak inguruan gauzatu dela argitu du Madrazok. Etxetik zetozen kolpeak entzun ditu Udaltzaingoaren patruilak. Abiadura bizkortzean ikusi dute hiru gazte leihoetako batetik sartzen ahalegintzen ari zirela, zurezko itxitura apurtu ostean.

Polizia ikusitakoan, gizonezkoak ihes egiten ahalegindu dira. Haietako bat berehala harrapatu dute, eta bestea, berriz, laguntzera etorritako patruila batek aurkitu du. Hirugarrenak ihes egitea lortu du, baina gertakarien lekuan utzitako gauzen bidez ikertzen ari dira nor den. Harrapatutako bi gazteei usurpazio eta kalte delitua egotzi diete.

Bide batez, ondorengo aholkuak gogoratu ditu Ángel Madrazok, oporraldietan, etxeetan lapurretarik gerta ez dadin, ez eta okupaziorik ere:

  • Atea eta leihoak ondo ixtea, batez ere erraz sartzeko moduan daudenak, kokatuta dauden altueragatik.
  • `Stand-by' egoeran kontsumoak dituzten aparatuen ur, gas eta deskonexio elektrikoak moztea. Horrela arriskuak saihestuko dira tentsio-igoeraren bat gertatzen bada.
  • Kontuz ibiltzea sare sozialetan oporrei buruzko datuak ematerakoan.
  • Telefono finkoa mugikorrera desbideratzea edo bolumena jaistea, etxebizitza barruan soinua etengabe jotzea saihestuz.
  • Senideren bati edo lagunen bati bi edo hiru egunetik behin etxera joan dadila eskatzea, pertsianak ireki, korrespondentzia jaso eta arropa eskegi eta jasotzera, etxebizitza hutsik dagoela ikus ez dezaten.

Aholku erraz horiez gain, Madrazok gogorarazi du komenigarria dela herritarrek auzokideen etxebizitzetan antzeman dezaketen edozein mugimendu susmagarri Udaltzaingoari jakinaraztea.

ZAURITU LARRIA ISTRIPU BATEAN

Bestalde, joan den gauean, 23:45ak inguruan, Zuhatzu auzoko Unamuno eta Dorre kaleen artean furgoneta batekin talka egindakoan, larriki zauritua suertatu da motor gidari bat.

Ostalaritza establezimendu bateko banatzailea da zauritua. Presaka eraman dute ospitalera, muinean eta saihetsetan haustura handiak zituen eta.

Egunotan, jende ugari dabilenez errepideetan, arreta zolitzea eta kontu handiz ibiltzea eskatu du Madrazok.