BARAKALDO. Joan den asteburuan, Granadako epaitegi baten bilatzeko, atxilotzeko eta epailearen aurrera eramateko agindua zeukan emakume bat atxilotu egin zuen Barakaldoko Udaltzaingoak, ustezko iruzur delitu bat egotzita.

Angel Madrazo Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibileko zinegotziak azaldu duenez, udalerriko etxebizitza batean ospatzen ari ziren jai batean identifikatu zutenean gertatu zen atxiloketa.

Larunbatean, 19:00ak aldera, 10 lagun baino gehiago egongo ziren festa bat zela-eta etxebizitza batean egiten ari ziren zaratak salatu zituzten bizilagun batzuek, musika bolumen handian zegoelako.

"Gertakarien lekura iritsi zirenean, agenteek festa bat egiten ari zirela egiaztatu zuten, eta bertaratutakoei ospakizuna amaitutzat emateko eskatu zieten. Poliziek parte-hartzaileak identifikatu zituzten eta, poliziaren datu-basea kontsultatu ondoren, jakin zuten festan zegoen emakume batek bilatzeko eta atxilotzeko agindu judizial bat zuela; beraz, atxilotu egin zuten", azaldu du Madrazok.

Emakumea ertzain-etxera eraman zuten eta, gaua komisarian igaro ondoren, epailearen esku utzi zuten igande goizean.

Igande arratsaldean, bestalde, Udaltzaingoak dozena bat pertsona harrapatu zituen lonja batean. Bertaratutako guztiak zigortu zituzten, eta lokala hustu eta itxi zuten, Eusko Jaurlaritzak agindutako osasun-neurriak betez.

Asteburuan, Udaltzaingoak beste jarduketa batzuk egin zituen Covid-19aren aurkako neurrien kontrolaren arloan. Guztira, 123 salaketa-akta izapidetu ziren, horietatik 80, musukoa ez eramateagatik edo behar ez bezala eramateagatik; 21, bide publikoan alkohola kontsumitzeagatik ('botiloia'); 9, distantzia errespetatu gabe erretzeagatik eta 13 Herritarren Segurtasunari buruzko Legea hausteagatik. Gainera, 4 ostalaritza-lokal zigortu dituzte barran kontsumitzea baimentzeagatik. Establezimendu berrerorleak dira, eta arauak errespetatu behar dituztela ohartarazi zitzaien.

ATXILOTUTA, AGINTARITZAREN AURKA ATENTATZEAGATIK ETA LAPURTZEAGATIK

Igande arratsaldeko azken orduan, gizon bat atxilotu zuten udaltzainek, hainbat agenteri eraso egiteagatik. Gizonak ez zuen musukorik, eta poliziek musukoa jartzeko eskatu ziotenean, isekaz erantzun zuen. Une horretan, agenteek identifikatzeko eskatu zioten, baina gizonak uko egin eta polizietako bati aurre egin zion, eta, azkenean, saltoki bateko erakusleihoaren kontra bultzatu zuen. Hori dela eta, erasotzailea atxilotu egin zuten, agintaritzaren aurkako atentatu-delitu bat egotzita.

Osasun neurriez gain, Udaltzaingoak bi adinez nagusi salatu ditu asteburuan, supermerkatu batean edari alkoholdunak erosi, eta, ondoren, establezimenduaren kanpoaldean zain zeuden adingabe batzuei emateagatik.

Azkenik, goizaldean, gizon bat atxilotu dute ile-apaindegi batean lapurtzen saiatzeagatik. 03:00ak aldera, lekuko batek ikusi zuen gizon batek kutxatila bat bota zuela dendaren erakusleihora. Udaltzainek gizon bat atxilotu zuten handik gertu, lekukoak emandako argibideei eta deskribapenari jarraituz.