BILBO. Joan den asteartean, irailak 1, Bilboko Udaltzaingoak 19 urteko gazte bat atxilotu zuen Bilbon osasun publikoaren kontrako delitu batengatik, droga-trafikoaren modalitatekoa, konkretuki. Gertakaria Santutxu auzoan gauzatu zen.

Atxiloketa ordu txikietan izan zen, 01:30a inguruan, agenteen patruila batek, Begoñako Ikuskaritzakoak, auto bat gerarazi zuenean, lasterregi zihoalako. Agenteek gidaria identifikatu zuten lehenengo, eta haren berbaeran inkoherentziak ikusita, erabaki zuten areago ikertzea. Geroago, trasteleku bat miatu zuten, lege-betebehar guztiak beteta.

Eta, miaketa horretan, udaltzaingoak 1,5 kilogramo marihuana atzeman zuen, 50 eta 100 gramoko poltsa termozigilatuetan, eta ontziratu gabeko kukuluak; baita 1,5 kilogramo haxix ere, 100 gramoko tableta ontziratuetan, eta baskula zehatz bat, termozigilagailu bat eta kutxa bat 137 eurorekin.

Aztarna horiek guztiak eta atzemandako kantitatea direla-eta, Guardiako Epaitegiari igorri zaio kasua, dagokion zigor prozedura has dezan.

ZAINKETA KANPAINA BEREZIA BILBON

Bestalde, Bilboko Udaltzaingoak, aste honetan zehar, zainketa eta kontrol kanpaina bat egingo du motozikleten eta ziklomotorren zirkulazioari buruzko araudia betetzen dela bermatzeko. Izan ere gaur bertan, hilak 7, astelehena, jarriko da abian, eta irailaren 13 arte iraungo du (igandea).

Kanpaina egiteko hainbat kontrol egingo dira, goizez eta arratsaldez, kokalekua, diseinua edo egoera dela-eta bide segurtasunerako arriskutsuenak diren lekuetan, eta bereziki zainduko da abiadura, beharrezkoak diren agiriak aldean eroatea eta kaskoa jantzita ibiltzeko betebeharra, besteak beste.

Bilboko Udaltzaingoko agenteek, datozen egunotan, gidarien arau-hausteak jasoko dituzte idatzita, eta gerta liteke haien kontrako salaketak aurkeztea, oinezkoen eta ibilgailuen zirkulaziorako arriskua ekar dezaketen jokabideak eta jarrerak izanez gero.

Iaz, honen antzeko kanpainetan, 257 motozikleta eta ziklomotor kontrolatu ziren, eta 71 arau-hauste atzeman: gehienak (38), IATari buruzko betebeharrak ez betetzeagatik.