BARAKALDO. Joan den asteartean, hilak 4, arratsaldeko 20:00ak aldera, Barakaldoko Udaltzaingoak herriko etxe bat lapurtzea edo okupatzea eragotzi ahal izan zuen auzokide baten deiari esker.

Dolores Ibarruri pasealekuan bizi zen emakume batek Udaltzaingoari jakinarazi zion bere bizilagunaren atean zaratak entzuten ari zela. "Beldur nintzen oporretan zegoela jakitean, etxebizitzara sartzen saiatuko ote ziren ", jakinarazi du Angel Madrazo Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotziak.

Berehala, patruila bat joan zen gertakarien lekura, eta agenteek atea bortxatuta zegoela egiaztatu zuten. Egileak barruan egon zitezkeelakoan, kaltetuaren senide batekin harremanetan jarri ziren, eta, haren eta sarrailagile baten ondoan, sarraila erabilezin geratu zela egiaztatu zuten, bortxatu egin baitzuten. Minutu batzuk geroago, Udaltzaingoa barrura sartu zen inor ez zegoela ziurtatzeko.

BEHATXULOA ERRETA

Horrez gainera, lapurreta edo okupazio saiakeraren egileek kaltetutako etxebizitzako bizilagunaren behatxuloa erre zutela konturatu ziren agenteak, sarraila bortxatzen zuten bitartean ikus ez zitzaten.

Ez zuten, ordea, lapurtzerik edo etxebizitza okupatzerik izan. Udaltzaingoaren erantzun azkarraren ondorioz, gaizkileek ihes egin zuten; izan ere, norbait izaten dute beti zelatan agenteen etorreraren berri emateko, eta norabide bakarreko kaleak aukeratzen dituzte ihes egiteko behar adina denbora izateko.

Gertaera horien aurrean, Angel Madrazok poza agertu du "herritarren lankidetzak eta Udaltzaingoaren jardun azkarrak delitu bat egitea saihestu dutelako": kasu honetan, lapurreta edo etxebizitza bat okupatzea. "Gogorarazi nahi dut oso garrantzitsua dela Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloak ateak eta leihoak ondo ixteari buruz eman dituen aholkuei jarraitzea, eta, horrez gain, oporretan etxean inor egongo ez dela senideei edo bizilagunei jakinaraztea", gaineratu du.

Madrazoren ustez, garrantzitsua da azken pisuen jabeek, batez ere goiko trastelekuak dituztenek, gomendatutako neurriak zorroztea, "Pisu horiek, bizilagunen joan-etorri txikiagoa dutenez, lehentasunezko helburutzat baitituzte gaizkileek".