BILBO. Argi dago koronabirusak ez duela poliziaren lana gutxiagotu. Pasa den asteko ostiralean arratsaldean, maiatzaren 8an, Bilboko Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen uriko Zurbaranbarri auzoan osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta. Atxilotuak 66 urte ditu eta Bilboko auzko etxabe batean harrapatu zuten delitua egiten. Gainera, haxixaren trafikoan aritzeagatik aurrekariak zituen. Orain, aldiz, argindarra eta ura iruzurrez baliatzeagatik beste delitu bat leporatuko zaio.

Udaltzaingoaren operazio horretan, Drogen kontrako Ikuskaritzetako eta Udaleko agenteek parte hartu zuten, eta atxilotua Miribillako instalazioetara eroan zuten.

Atxiloketa, berez, gizona etxabera sartzera zihoala gertatu zen: 439 marihuana landare hazten zituen han (oso hazita zeuden gainera), eta Udaltzaingoak atzitu egin zituen. Udaltzainek zigilatu egin zuten etxabea, eta, orain, poliziaren esku geratu da; desegin ere egin zuten instalazioa, eta atzitu egin zuten han landareak hazteko zegoen azpiegituratako material guztia: lanparak, iragazkiak, haizagailuak, hutsean ontziratzeko makina bat, baskula, ureztaketa sistema landu bat€., eta beste zenbait tresna, droga ontziratzeko eta banatzeko.

Nabarmentzekoa da operazio hau egiteko aukera ekarri duen ikerketa herritarren lankidetzari esker abiatu zela, zeren eta inguru hartako herritarrek hainbat abisu emanak baitzizkioten Bilbokok Udaltzaingoari itxialdiak iraun duen asteotan zehar, ohartaraziz zitekeena zela etxabe hartan legez kontrako jardueratan aritzea.