Síguenos en redes sociales:

13.066 ikaslek egingo dute Unibertsitatera Sartzeko Proba EHUn

Aurreko kurtsoetako beste 552 ikasle irakasgai batzuetara aurkeztuko dira nota igotzeko

13.066 ikaslek egingo dute Unibertsitatera Sartzeko Proba EHUnEHU

Datorren asteartean, ekainaren 2an, hasiko da Unibertsitatera Sartzeko Proba (USaP) Euskal Herriko Unibertsitatean. Aurten Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko 12.114 ikasleketa Lanbide Heziketako goi mailako heziketa ziklo bat egin duten 952k egingo dute proba. Guztizkoa, iazkoaren (13.130) antzekoa da.

Datorren astean USaP egingo duten Batxilergoko eta LHko ikasle horiek campuska banatzen baditugu, 1.821ek egingo dute Arabako Campusean, 6.505ek Bizkaikoan eta 4.740k Gipuzkoakoan. Hizkuntzari dagokionez, ikasleen % 76,1 (9.944 ikasle) euskaraz egingo dute proba, eta % 23,9k (3.122) gaztelaniaz.

13.066 pertsona horiei aurreko ikasturteetako 552 ikasle gehitu behar zaizkie, nota igotzeko irakasgai espezifikoetara aurkezten direnak.

Premia bereziak dituzten Ikasleak

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako hezkuntza-premia bereziak dituzten 946 ikaslek egokitzapenak beharko dituzte Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio-proba egiteko. Aurreko urteko ikasle kopuruari dagokionez (804), ikasturte honetan eskaerak % 17,6 gehitu dira.

USaP proba egiteko egokitzapenak indarrean dagoen araudiak aitortutako eskubidea dira, eta neurri horrek bermatzen du ikasle guztiek izango dutela proba egiteko aukera berdintasuna.

Sarbide probetako egokitzapen guztiak EHUko Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak kudeatzen ditu ezarrita dagoen prozedurari jarraituz. Epaimahaiek proba egin aurretik egokitzapen guztien berri dute eta EHUren Sarbide-probetarako jardunbide egokien Gida ere eskuragarri dute egokitzapenen aplikaziorako.

Probak eta emaitzak

Ohi denez, USaP hiru egunetan egingo da, asteartetik, ekainak 2. Unibertsitatera Sartzeko Probak bi fase ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide faseak helburu hau du: ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egiteko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak neurtzea. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura (asteartean 2026ko USaP irekiko duen azterketa); Espainiako historia edo Filosofiaren historia; Lehenengo atzerriko hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari edo Heziketa Zikloari dagokio eta % 40 sarbide faseari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak sarbide fasean gutxienez 4 puntu lortu baditu.

Onarpen fasea borondatezkoa da, eta ikasleak beste 4 puntu lortu ahal ditu. Fase honetan ikasleak gehienez lau ikasgaitara aurkeztu ahal da, eta bakarrik hartzen dira kontuan baldin eta 5 baino gehiagoko nota atera badu. Ikasleak egin nahi duen gradurako onuragarrienak diren bi kalifikazio hartzen dira kontuan.

Azterketei dagokienez, 11ko 534/2024 Errege Dekretuak ezarritako sarbide-proben eredu berriaren ezarpenak jarraitzen du. Besteak beste, eredu horrek ezartzen du galderen ehuneko batek (aurten, % 50ek) irakasgaian eskuratutako gaitasunak neurtzeko diseinatuta egon behar duela. Proben emaitzak ekainaren 10ean argitaratuko dira.