Aurreko edizioek izandako harrera bikaina kontuan izanda, Euskal Herriko Unibertsitateak Zientzia Astearen edizio berri bat jarri du martxan, azaroaren 5etik 9ra bitartean ospatuko dena. Aurten Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Barakaldo izango dira egoitza nagusiak, eta bertan egingo dira prestatutako 200 jarduerak.
Urriaren 22an zabaldu zen Bilboko (Bizkaia Aretoa), Donostiako (Tabakalera) eta Gasteizko (Bibat Museoa) egoitzetako tailer eta ibilbide didaktikoetan izena emateko epea Zientzia Astearen webgunearen bidez. Gainerako jarduerak sarrera librekoak dira, aretoa bete arte, eta ez da beharrezkoa izena ematea. Barakaldoko haur eta familientzako tailerretarako erreserbak urriaren 27tik aurrera egin ahal izango dira, Barakaldoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez, telefonoz ( 94 478 9552 / 94 478 9485) eta udalerriko kultur etxeetan eta gizarte etxeetan.
25 urte zientzia gizartera hurbiltzen
EHUk programazio berezia prestatu du Zientzia Astearen 25. urteurrena ospatzeko. Edizio honetan, 200 jarduera inguru eskainiko dira doan eta adin guztietako jendearentzat: 40 txoko baino gehiago, 75 tailer, 10 ibilbide didaktiko, Zientzia Clubeko 20 bakarrizketa zientifiko baino gehiago, 8 erakusketa, 11 hitzaldi, 6 ikuskizun, eta berrikuntza asko “Zientzia plastikorik gabeko planeta baten alde” leloaren inguruan.
Parte-hartzaileak modu atsegin eta dibertigarrian hainbat gairi buruzko azken ikerketa zientifikoetara hurbildu ahal izango dira; besteak beste, gai hauei buruzkoak: itsas jasangarritasuna, adimen artifiziala, robotika, auto elektrikoak, kimika, osasuna eta astronomia.
Plastikoei eta ozeanoen kontserbazioari buruz hausnartzeko proposamenen artean, Oceanus Plasticus proiektuaren inguruko jarduerak nabarmentzen dira. Erdi Aroko kartografian inspiratutako erakusketa bat, gaueko ikuskizun bisual bat eta Bizkaia Aretoan imajinatutako itsas hondo batean murgiltzeko esperientzia bat izango dira.
Horrez gain, Junk Kouture moda jasangarriaren nazioarteko lehiaketan finalista izan zen Lucia Revuelta gaztearen esperientzia inspiratzailea ezagutzeko aukera izango da. Hitzaldi-desfilean, diseinuari buruz hausnartuko du, jasangarritasuna sustatzeko tresna den aldetik. Bere Miss Mares lana Bizkaia Aretoan egongo da ikusgai azaroaren 5etik 8ra.
Zientzia Klub eta adin guztietarako zientzia-ikuskizunak
Zientzia Clubeko bakarrizketa ezagunei hainbat ikuskizun zientifiko gehituko zaizkie. Umeek abentura kuantiko batez gozatu ahal izango dute Bilbon eta Gasteizen. Donostian, Aytami Soto dibulgatzaile ezagunak magia eta kimika nahastuko ditu Historiako aurkikuntzarik handienean, 12 urtetik gorakoentzat.
Era berean, Global Innovation Day-ren esparruan berrikuntzari buruz egingo den unibertsitate arteko eztabaida entzun eta ikusi ahal izango da. Eztabaida hori Innobasquerekin batera antolatu da, eta EHUko ikasleek hartuko dute parte.
Ikastetxeen parte-hartzea
Publiko orokorrarentzako programazioaz gain, aurten ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek txokoak eta tailerrak bisitatuko dituzte goizez. Dagoeneko bete dira urriaren 3an izen-emateak ireki zirenetik eskainitako plaza gehienak. Edizio honetan 5.000 ikasle inguruk EHUko ikerketa lana ezagutzeko aukera izango dute, protagonistek kontatuta.
Geologia-argazkien XVII. Lehiaketa
Argazki Geologikoen XVII. Lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago. DBHko eta Batxilergoko ikasleek Lurraren Zientziekin lotutako irudiak bidali ahal izango dituzte azaroaren 2ra arte.
Zientzia Astea 2025 EHUk antolatzen du, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin eta Arabako Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Barakaldoko Udalaren, Donostiako Udalaren, Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren babesarekin. Jardueretako batzuk Europako Batzordeak finantzatutako G9-Science4All eta ORE4Citizens proiektuetan kokatzen dira, Marie Sklodowska-Curie/(MSCA) ekintzen bidez. Ekimen hori Europan karrera zientifikoak sustatzeko ekimena da, eta Horizonte Europa, EBko Ikerketa eta Berrikuntzarako Esparru Programaren barruan kokatzen da.