Euskaltzaindiak Gabriel Aresti idazle bilbotarraren omenezko erakusketa antolatu du Bizkaiko Foru Liburutegian, Bilbon, '50 urte ba(GA)rik' izenburupean, eta azaroaren 7ra arte egongo da ikusgai. Arestiren kontu autobiografikoak ageri dira bertan, baita bere lanen lagin "deigarri bezain interesgarriak".
Akademiak gogorarazi duenez, aurten 50 urte bete dira Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zela, eta, urteurrenaren harira, egitarau oparoa antolatu du Bilbon, "XX. mendeko euskal idazle berritzaileenetako bat izan zena omentzeko eta beronen ekarria goresteko".
Euskaltzaindiak Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koral Elkartearekin elkarlanean prestatu du egitaraua, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, EITBren eta BBK Fundazioaren babesa duela.
Ekainean estreinatu zen egitaraua Bilboko Txistularien Bandaren kontzertu batekin, eta harrezkero jardunaldi, liburu aurkezpen eta bestelako musika emanaldiak izan dira poeta bilbotarraren omenez.
Erakusketa ikusgai izango da azaroaren 7ra arte, astelehenetik ostiralera (11:00-14:00 eta 16:30-19:30) eta larunbatetan (10:30-13:00)
Orain, Euskaltzaindiak erakusketa "bitxi bezain deigarria" muntatu du Bizkaiko Foru Liburutegiaren Areto Nagusian: '50 urte ba(GA)rik'. Gabriel Aresti bera eta beronen lanak ezagutzera ematea du xede, eta, bide batez, Arestiren ekarria balioan jarri, hots, "beronen lanak duen meritua aitortu, balioetsi eta ezagutarazi, Arestik euskal literatura modernizatzeko eginiko ahalegina gogoraraziz eta euskararen batasunaren hastapenetan izan zuen eragina eta ikuspegi zorrotza nabarmenduz".
AZAROAREN 7RA ARTE
Erakusketa ikusgai izango da azaroaren 7ra arte, astelehenetik ostiralera (11:00-14:00 eta 16:30-19:30) eta larunbatetan (10:30-13:00). Hain ezagunak ez diren Gabriel Arestiren kontu autobiografikoak ageri dira bertan, eta, horiekin batera, haren lanen lagin "deigarri bezain interesgarriak", hala nola itzulpenak, antzerki pieza baten deskribapena edota Bilbori eta bere emazteari emandako poema ederrak.