Unai Elorriagak, Karmele Mitxelenak eta Maite Rosendek jasoko dute 2025eko Euskadi Literatura Saria Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren Ilustrazioa modalitateetan, 'Francesco Pasqualeren bosgarren arima' (Susa), 'Aitona Floren' (Elkar) eta 'Traba' (Denonartean) lanei esker, hurrenez hurren.

Horrela jakinarazi du astelehen honetan Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, literaturako Euskadi sarietako aurtengo lehen hiru irabazleen izenak iragartzeko agerraldian, Bilboko Bidebarrieta liburutegian.

"Hitzak dira gure etxea, eta euskal literatura gure memoriaren eta etorkizunaren arteko zubia da. Gaur saritutako hiru lanek erakusten dute kultura ez dela osagarri bat, bizitzeko eta ulertzeko modu bat baizik. Horregatik, gaurko aurkezpena euskal literaturara hurbiltzeko eta gure sortzaileen dohainaz gozatzeko gonbita ere bada", adierazi du.

Bada, Euskarazko Literaturako Euskadi saria Unai Elorriaga getxoztarrak eskuratu du, 'Francesco Pasqualeren bosgarren arima' (Susa) lanari esker. Epaimahaiak nabarmendu du egileak "apustu literario sendoa" egiten duela, "nobelaren eta narrazio liburuaren artean mugituz eta puzzle handi eta iradokitzaile bat osatuz".

"Protagonistaren inguruan hainbat narrazio harilkatzen dira, XX. mendeko Europa ekialdeko idazle zenbaiten estiloan. Kontakizuna Italia hegoaldetik Euskal Herrira doan bitartean, pertsonaia bizidunen bizipen eta istorio askotarikoak jasotzen dira. gordintasunari ihes egin gabe", azaldu du.

Gainera, azpimarratu du idazle bizkaitarrak baliabide narratibo ugari erabiltzen dituela "modu eraginkorrean", eta liburuak "irakurketa aktiboa" eskatzen duela, "irakurlearen esku geratuz hariak jostea eta elipsiak betetzea".