Aurreko edizioek izandako harrera bikaina kontuan izanda, Euskal Herriko Unibertsiateak martxan jarriko du Ikertzaileen Europako Gauaren edizio berri bat, publiko guztientzako doako ekitaldiz osatutako programazioarekin.

Europar Batasunak sustatutako ekimen honen helburua da zientzia gizarteari modu dibertigarrian hurbiltzea, eta gazteenen artean bokazio zientifikoekiko interesa sustatzea, genero-oztopoak ezabatzera lagunduz. Ikertzaileen Europako Gaua 25 herrialdetako 460 hiritan baino gehiagotan ospatzen da aldi berean, eta zientziaren dibulgaziorako plataforma global gisa finkatu da.

Bilboko Areatzako kaia: zientziaren eta jakin-minaren erdigunea

Areatzako kaia izango da Bilboko jardueraren erdigunea. Bertan, EHUko 200 zientzialarik baino gehiagok beren laborategietatik atera, eta publikoarekin partekatu dute beren pasioa, 17:00etatik 21:30era. Bertaratzen direnek puntako gaiak aztertu ahal izango dituzte, diziplina ugari biltzen dituzten hitzaldi eta tailer interaktiboen bidez. Energia garbien sorkuntzatik hasi eta nanoimanekin gaixotasunak detektatu eta tratatzeraino, elikadura jasangarria, euskarazko adimen artifiziala, minbiziaren aurkako nanoteknologia, ozeanoen osasuna eta hondakin plastikoen tratamendua, jakingura bakoitzarentzat zerbait egongo da.

Zientzia, lehen pertsonan

Bertaratzen direnek zientziaren protagonistak ezagutzeko aukera paregabea izango dute. MSCA Actions (Marie Sklodowska-Curie Ekintzak) txokoan, ikertzaileek beren historia pertsonalak eta proiektuak erakutsiko dituzte. Gizartean eragin erreala duten eremuetako ikerketak ezagutzeko aukera egongo da, hala nola neurozientzian eta ingeniaritzan.

Bestalde, emakumeek ikerketan duten papera ikusaraziko du #SheMentoring txokoak. "Kalean aurki ditzakezun ikertzaileak" lelopean, EHUko emakumezko zientzialariek beren egunerokotasuna eta ikerketa intersgarriak partekatuko dituzte, mikroplastikoen azterketatik minbiziari buruzko analisi molekularretaraino. Bi gune horiek interaktiboak izateko diseinatuta daude, galdetzeko, esperimentatzeko eta zientzia lehen eskutik ezagutzeko. Ikustarazi nahi da zientzia giza jarduera dela, guztiontzat eskuragarria eta baliotsua izan daitekeena.

Gidatutako behaketa astronomikoa

Txokoez gain, behaketa astronomiko oso berezia antolatu da. 20:00etan, Bizkaia Aretoan, EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak unibertsoan zeharreko bidaia liluragarri bat gidatuko du, planeten azterketa ezagutzeko. Mitxelena Auditorioa zuzenean konektatuko da Calar Altoko Behatokiarekin (Almeria). Sarrera doan izango da, leku guztiak bete arte, eta aurrez aurre nahiz streaming bidez jarraitu ahal izango da.

Europako proiektu bat

Europako Ikertzaileen Gaua G9 unibertsitate taldeak antolatu du G9-Science4All proiektuaren barruan. Ekimena Europako Batzordeak finantzatzen du, Marie Sklodowska-Curie/(MSCA) ekintzen bidez. Horizonte Europa programaren barruan dauden(EBko Ikerketako eta Berrikuntzako Esparru Programa) ekimen hauen helburua da Europan karrera zientifikoak sustatzea.

Proiektuak bost ikerketa- eta berrikuntza-misioak ditu ardatz, Europar Batasunak mundu osoko gizarte-arazo handiei irtenbideak planteatzeko abian jarri dituenak: minbizia, klima-aldaketara egokitzea, ura eta ozeanoak, hiri adimendunak eta klimatikoki neutroak, eta lurzoruaren eta elikagaien osasuna. Horiek guztiek Europako Itun Berdearen, Minbiziaren Aurkako Europako Planaren eta Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) helburuak lortzen lagunduko dute.

OREgaua: zientzia eta klima aldaketa Barakaldon

Europako Ikertzaileen Gaua Barakaldoko Lasesarre Kiroldegian ere izango da. OREgaua izenburupean, 17:00etatik 22:00etara, klima-erronkari eta itsas energia berriztagarriei buruzko 40 esperimentu eta tailer zientifiko baino gehiago egingo dira, besteak beste, drone-hegaldiak dituzten misioen simulazioak, itsaspeko roboten erabilera eta lehiaketa igerilekuetan, txikigunean eta gamer gunean.

Ekimena ORE4citizens proiektuaren parte da. TECNALIAk gidatzen du proiektu hori, EHU, Euskampus Fundazioa eta BCAM Basque Center for Applied Mathematics zentroekin batera, eta itsas energia berriztagarriak sustatzea du helburu nagusi.