“Mugikortasuna guztiontzat” lelopean,EHUk, beste urte batez, bat egin du irailaren 16tik 22ra bitarte egiten ari den Mugikortasuneko Europako Astearekin. Egun horietan, hiru campusetan jarduera presentzialak eskainiko dira, baita unibertsitateko kide guztientzat pentsatutako onlineko proposamenak ere. Hiru campusen artean antolatutako ekimena da, helburu jakin batekin hiru campusetako Garapen Jasangarriko eta Konpromiso Sozialeko Zuzendaritzarekin eta Ongizate eta Jasangarritasun zuzendaritzekin elkarlanean garatutakoa: garraioaren erabilera jasangarriagoa sustatzea. Elisa Sainz de Murietak, Garapen Jasangarriko eta Konpromiso Sozialeko zuzendariak, aipatu duen moduan, “horren helburua da UPV/EHUko komunitateak mugikortasuneko modu aktiboak eta emisio baxukoak probatu eta abian jartzea”. Horrekin lotuta, honako hau gehitu nahi izan du: “badakigu mugikortasuna ez dagoela unibertsitatera etortzen diren pertsonen esku bakarrik eta, bereziki, Leioako campusaren kasuan, baina ohitura aldaketa bultzatzen lagundu nahi dugu”.
Inkesta egindako ia 3.000 pertsonaren artean jasotako azken datuen arabera, kide gehienek nahiago dute autobusa. Hain zuzen ere, garraiobide hori ateratzen da zerrendaren lehen postuan, erabiltzaileen % 36k baitu nahiago. Jarraian, hiri barruko autobusak (% 12,2) eta metroa (% 7) azaltzen dira inkestan. Aldiz, trenaren erabilera dezente txikiagoa da (% 4,7 eskasekoa), eta tranbiak (% 1,2) edo patinete elektrikoak (% 0,1) ez dute ia presentziarik. Horrekin lotuta, Elisa Sainz de Murietak aipatu duenez, “bizikletaz, oinez edo garraio publikoan ibiltzea, merkeagoa izateaz gain, unibertsitatera etortzeko aukerarik erosoena, naturalena eta jasangarriena izatea nahi dugu. Segurtasun handiagoa, informazio hobea eta esperientzia positiboak ekartzen ditu horrek”.
Campusen araberako datuak
Arabakoa da hiru campusetatik jasangarriena, neurri batean funtsezko datu bati esker: inkestatutako pertsonen % 47 campusetik 5 kilometro baino gutxiagora bizi da. Horrek erraztu egiten ditu joan-etorri aktiboak, eta halaxe ikus daiteke datuetan: % 22 oinez iristen da, eta % 17 bizikletaz. Guztira, beraz, % 39 campusera modu aktiboan iristen dela esan dezakegu. Gainerako % 41 garraio publikoan mugitzen da; hiriarteko autobusean (% 24), hiri autobusean (% 7), tranbian (% 6) edo trenean (% 4)
Bizkaian, garraio publikoaren erabilera handiagoa da: inkestari erantzundako pertsonen % 68 modu horretan iristen da ikastegietara. Gehienek hiriarteko autobusak aukeratzen dituzte (% 41ek, batez ere Bizkaibuseko lineak); ondoren, hiri autobusa (% 11) eta beste garraiobide batzuk azaltzen dira, hala nola trena, metroa eta tranbia (% 15,3).
Gipuzkoako campusak ere mugikortasun jasangarriarekiko konpromiso handia du. Inkestari erantzundako langile eta ikasleen % 57k garraio publikoa erabiltzen du iristeko. Horietatik % 47k autobusa erabiltzen du, hiriartekoak edo hiri barrukoak, eta % 10ek beste garraiobide batzuk, hala nola trena, metroa edo tranbia.
Jarduerak
Aurreko urteetan bezala, hiru campusek jarduera presentzialak eta onlineko jarduerak eskainiko dituzte, batzuk hiru campusetan eta beste batzuk campus bakoitzerako espezifikoak, baina denek helburu komuna izango dute: mugikortasun jasangarria bultzatzen jarraitzea.
Aurtengo berrikuntza gisa, “Ibilbide Aktiboak” ekimena jarri da martxan. Irailaren 16tik urriaren 1era arte egongo da erabilgarri. Oinez edo bizikletaz egin daitezkeen ibilbide seinalizatuak dira, eta ibilbidea erraz deskargatu ahal izateko QR kodeak dituzte. Gainera, ibilbide horietan parte hartzen dutenek mugikortasun aktiboarekin lotutako sarien zozketan parte hartu ahal izango dute. Gainera, online formatuan, hainbat proposamen parte-hartzaile antolatu dira, hala nola mugikortasun jasangarriari buruzko galdera lehiaketa eta argazki lehiaketa. Unibertsitateko campusa eta mugikortasuna izango dira landuko diren gai nagusiak. Bestalde, Garapen Jasangarriko zuzendariaren arabera, nabarmendu beharrekoa da “irailaren 22an Mobility Lab Campusa izenekoa inauguratu dela. Unibertsitatetik mugikortasunean eta logistikan ikasteko eta berritzeko urrats estrategikoa izango da”.
Jarduera presentzial komunen artean, “Bizikleta likidogailua” izenekoa nabarmendu behar da. Proposamen dibertigarri eta osasungarria da; izan ere, pedalei eragiten zaien bitartean, energia sortzen da, eta, energia horrekin, gero, sari gisa partaideek jasoko duten zuku naturala prestatzen da. Gainera, campus bakoitzak ekimen propioak izango ditu: bizikletak konpontzeko tailerrak, patinete elektrikoetan egiteko zirkuituak, mugikortasunarekin edo jasangarritasunarekin lotutako artikuluak doan trukatzeko azokak... Unibertsitateko kideen parte hartze aktiboa sustatzeko pentsatutako espazioak izango dira guztiak.
Gainera, ibilgailu elektrikoen eta Formula Student proiektuaren erakusketak egongo dira (Bizkaiko campusean), edo “Bizikletaz adinik ez” ekimen solidarioak (Gipuzkoan). Programa honek komunitatearen eta belaunaldien arteko parte hartzea sustatzen du boluntariotzaren bidez. Hala, adinekoei edo dibertsitate funtzionala dutenei trizikloetan ibiltzen laguntzen diete. Trizikloa garraio jasangarri eta inklusiboaren alternatiba gisa ikusarazteko modu bat da.