Bi teknologiak konbinatuz gizarte-alokairuko eraikinak energetikoki zelan birgaitu daitezkeen ikertu dute Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek (EHU). Horretarako Eusko Jaurlaritzaren Zero Planean oinarritu dira eta Europar Batasunetik bultzatu nahi diren teknologiak aztertu dituzte. Oro har, Arabako eraikinetan aurkitu dute sistema ezartzeko potentzialtasunik handiena.
Energia-kontsumo osoaren % 40 eraikinei dagokie. Eraikuntzaren arloan Europan indarrean dagoen legediaren arabera, energia berriztagarrietan oinarritutako birgaitze-ekintzak egin behar dira energia- eta klima-helburuak lortzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko alokairu publikoko parkeak 7.600 etxebizitza baino gehiago dauzka. Alokatzaileen profila irregularra eta aldakorra da, eta erronka handia da halako etxebizitza-moten energia-beharrak definitzea, etxebizitza pribatuaren erabilerarekin alderatuta oso profil desberdina baitute. Beraz, zaila izaten da eraikinak energetikoki birgaitzeko lanak definitzea eta aurrera eramatea, eta era berean, garrantzitsua da ekintza bideragarrienak zein diren definitzea. Gaur egun, eraikinak birgaitzeko ordena eraikinen antzinatasunaren eta ezaugarri arkitektonikoen arabera lehenesten da.
Energetikoki birgaitzeko, EAEko alokairu sozialeko eraikinetan sistema hibridoak ezartzeko zer aukera dagoen aztertu du Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ENEDI ikerketa-taldeak. Horrenbestez, ikerlan berritzaile baten bidez, EAEko alokairu publikoko 128 eraikinetan teknologia fotovoltaikoaz eta bero-ponpaz osatutako sistema hibridoen potentziala aztertu dute, eta haiek birgaitzeko lehentasunak ezarri. Hala, errazagoa izango da teknologia horiek jartzeko eraikin egokienak zein diren hautatzea.
Sistema hibrido hauetan, “teilatuko panel fotovoltaikoetan ekoitzitako elektrizitatea bero-ponpak elikatzeko erabiltzen dira. Bero-ponpek, aireko beroaz baliatuz, eta hozte-ziklo termodinamiko baten bidez, beroa transferitzen dute erradiadoreetara”, azaldu du Mikel Garro ENEDIko ikertzaileak. Alokairu publikoko eraikinen eskari termikoa zentralizatzea eta bero-ponpatik eraikin osora banatzea da helburua. Garroren iritziz, bero-ponpa aerotermikoak oso aproposak dira horretarako.
Araban dauden eraikinak aproposenak
Rankinga lortzeko, kontuan hartu dituzte eguzki-energia eskuratzeko eraikinen estalki erabilgarria eta eraikin bakoitzeko berokuntza- eta elektrizitate-kontsumoak, zehaztasun handiz. Bestalde, bero-ponpak hautatzeko, eraikinaren egitura, behar termikoak eta kokapena izan dituzte kontuan. Eusko Jaurlaritzak landutako Zero Plana erabili dute eraikinen datu ugari eskuratzeko, eta Eraikuntza Kalitatearen Kontrolerako Laborategiko langileen laguntza ere izan dute. Ikerketa honek eraikin bakoitzaren ikuspegi zehatza emateaz gainera, hiru lurraldeetako ikuspegi orokorra ere ematen du.
Garro itxaropentsu ageri da emaitzekin: “Araban, oro har, eraikinak apalagoak dira, ez dira hain altuak. Teilatuetan, eguzki-energia eskuratzeko ahalmena handiagoa da, erradiazio-balio altuagoak daudelako, eta, horrenbestez, produkzio fotovoltaikoa handiagoa da. Gainera, eraikin gehienak baxuagoak direnez, guztizko eskari termikoa ere baxuagoa izan ohi da. Beraz, aztergai dugun hibridazioa oso egokia da mota horretako gizarte-alokairuko eraikinak energiaren ikuspegitik birgaitzeko”. Ikerketak frogatu du azalera erabilgarri handieneko eraikinak ez direla beti lehenengo birgaitu behar; izan ere, etxebizitzaren erabilera faktore garrantzitsua da lehentasunak ezartzeko.
Ikerketa honetan, “eraikinak berotzeko sistema aztertu dugu, baina ez ur sanitarioa berotzeko sistema —dio Garrok—. Nahiz eta lan honetan datu esanguratsuenak kontuan izan, orain aldagai gehiago kontuan hartzeko eredu bat sortzen ari gara”. Birgaitzeko rankinga eratzeko adierazleek erakusten dute zer eraikin-mota den hibridazio horretarako aproposa, eta “beste toki batzuetan ere erabil daiteke metodologia hau”. Eguzki-erradiazioaren eta energia-eskariaren ordukako balioak erabiltzen dituzte adierazleek, eta horrek urtaroaren eta orduaren araberako zehaztasuna ematen dio metodologia honi.