Síguenos en redes sociales:

Euskal Herriko Unibertsitateak Bakearen Aldeko Adierazpena sinatu du Hiroshiman

Joxerramon Bengoetxea errektorea Bakearen aldeko Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzian izan da

Euskal Herriko Unibertsitateak Bakearen Aldeko Adierazpena sinatu du HiroshimanEHU

Euskal Herriko Unibertsitateak nazioarteko hainbat unibertsitaterekin sinatu egin du bakearen aldeko adierazpena, Hiroshimako HU-Higashisenda campusean egindako ekitaldian. Bertan izan da Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea, NBEko unibertsitatea (Tokio), Leipzig (Alemania), Taiwan, Malasia, Italia, Polonia eta Suediako beste hamar unibertsitatetako errektoreekin batera.

Bakearen aldeko manifestuaren sinatzaileek konpromisoa adierazi dute unibertsitateen arteko elkarlana sustatzeko, ikasle eta ikertzaileen elkartrukea baliatuta, bakearen aldeko kulturan sakontzeko.

EHUren errektoreak, Gernikaren bonbardaketaren 88. urteurrena ere gogoratzearekin batera, hiri biek urte hauetan guztietan egindako memoria ariketaren garrantzia azpimarratu du. “Euskal Herrian partekatzen dugun zerbait da, ez bakarrik Gernikagatik, baita ondoren izandako gertaera guztiengatik ere: izandakoari buruzko desinformazio ofizialari aurre egiteko eta errealitate historiko ezkutua azaleratzeko”. “Euskaldunak diktaduratik pasatu ginen eta baita trantsizio luzean zehar iraun zuten indarkeria urteetatik ere”, gogoratu du Bengoetxeak.

Ildo horretan, gehitu du EHUko errektoreak: “Unibertsitateok behartuta gaude gure esku dagoena egitera, errepika ez dadin, batetik, eta gertatutakoa ahaztu ez dadin, bestetik; unibertsitateek zor berezia dute jakintza horiek gordetzeko, ikertzeko eta gure ikasleak prestatzeko euren eguneroko bizitzan justizia, zuzentasuna eta ulermena landu dezaten. Izan ere, hezkuntza eta ikerketa funtsezko zutabeak dira etorkizun ekitatibo eta iraunkorrerako, elkarrizketa kritikoa sustatzen dutelako, elkar ulertzea elikatzen dutelako eta lankidetzarako eta bizikidetzarako baldintzak sortzen laguntzen dutelako, guztiak ere, bakea mantentzeko beharrezko osagaiak”.

Hiroshimako ekitaldia baliatu du Bengoetxeak Gazako sarraskia salatzeko eta nazioarteko erantzun bateratu baten beharra aldarrikatzeko.

EHUren errektorea, halaber, bonba atomikoa jaurti zuten egun eta ordu berean egin den Bakearen Memorialaren Zeremonian izan da.