Síguenos en redes sociales:

Etxeparek AEBn euskal ikasketak eta euskararen irakaskuntza sendotzeko konpromisoa berretsi du

Lehen bi hitzarmenak uztailaren 31n sinatu dira, Boiseko Jaialdiaren baitan antolaturiko ZORTZIAK BAT sinposioaren bukaeran

Etxeparek AEBn euskal ikasketak eta euskararen irakaskuntza sendotzeko konpromisoa berretsi duEtxepare

Euskal diasporaren mundu mailako hitzordu esanguratsuenetakoa den Boiseko Jaialdira egindako bidaia instituzionalaren baitan, Etxepare Euskal Institutuak euskal ikasketak bultzatzeko eta euskararen irakaskuntza sustatzeko akordio zenbait izenpetu ditu. Alde batetik, lankidetza-hitzarmen estrategiko bi sinatu ditu Eusko Jaurlaritzarekin eta BSU Boise State Unibertsitatearekin batera, eta, bestetik, lankidetza-akordioa izenpetu du NABO Ipar Amerikako Euskal Elkarteen federazioarekin batera, Etxepare Euskal Institutuak 2018tik kudeatzen duen Euskara Munduan programaren baitan garatuko dena.

Lehen bi hitzarmenak uztailaren 31n sinatu dira, Boiseko Jaialdiaren baitan antolaturiko Zortziak Bat sinposioaren bukaeran. Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Hizkuntza Politika sailburuak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Marie-Anne de Graaff BSUko Arte eta Zientzen Fakultateko dekanoak eta Cara Greenle BSUko Finantzatutako Programak sailaren zuzendariak hartu dute parte, eta lau ordezkariek euskal ikasketen presentzia eta garapena bermatzeko konpromisoa berretsi dute.

Euskal ikasketen inguruko ikerketa-programa aitzindaria

BSUrekin sinatutako lehen hitzarmenak euskal ikasketen inguruko ikerketa-programa egonkor eta aitzindari bat martxan jartzea du helburu, Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko unibertsitate batean bultzatzen duen ezaugarri horietako lehenbizikoa. 2026. urtean zehar abiatzea aurreikusten den programa hau BSUko Arte eta Zientzien Fakultatean kokatuko den arren, euskal ikasketak diziplinarteko ikuspegitik eta sail ezberdinetan jorratuko dira.

Programak ikerketa-bideak eskainiko dizkie gradu eta graduondoko ikasleei, eta euskal ikasketetan ikertzeko aukera emango dio irakaslegoari. Halaber, Euskal Herriko unibertsitateekin elkarlana bultzatuko da, eta bertan ikerketa-jarduerak garatzeko aukerak zabalduko dira. Horrekin batera, euskal kultura, hizkuntza, historia eta gizartea ardatz dituzten ekitaldi akademikoak (hala nola hitzaldiak, sinposioak edo jardunaldiak) sustatuko dira, eta ikerketa-emaitzen zabalkundea ere indartuko da.

Eloise Garmendia Bieter katedraren etorkizuna bermatzeko konpromisoa

BSUrekin adosturiko bigarren hitzarmenak Eloise Garmendia Bieter euskal ikasketen katedrari jarraipena ematea du xede. Etxepare Euskal Institutuak finantzatzen du, eta Boise State Unibertsitatearekin elkarlanean kudeatzen den katedra honek urtero nazioarteko irakasle esanguratsu bat gonbidatzen du katedraren baitan euskal ikasketen esparruan espezializatutako irakaskuntza eta ikerkuntza jarduerak garatzera. Irakasle horiek eskolak, mintegiak eta hitzaldiak ematen dizkiete graduondoko ikasleei eta doktoregaiei, eta beren ekarpenaren bitartez, euskal gaiei buruzko ezagutza zabaldu eta ikerketa akademikoa indartzen da.

AEBko Euskal Etxeetan euskararen irakaskuntza indartzea jomugan

Etxepare Euskal Institutuak sinaturiko hirugarren lankidetza-akordioa abuztuaren 1ean sinatu da, eta NABO Ipar Amerikako Euskal Elkarteekin batera gauzatu da, Imanol Pradales lehendakaria bertan zela, euskararen irakaskuntza AEBko Euskal Etxeetan sustatzeko xedez. Akordioa 2018tik Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen duen Euskara Munduan programaren baitan kokatzen da, zeinak euskararen ezagutza mundu osoko euskal komunitateetan hedatzea eta belaunaldi berriei transmititzea duen helburu.

Izenpeturiko lankidetza-akordio honek helburu bikoitza du. Alde batetik, Argentinan arrakastatsua den eredua Estatu Batuetara eramatea eta egokitzea, non euskal komunitateetako kideek euskara ikasten duten eta dagozkien Euskal Etxeetan irakasle izateko trebatzen diren. Hizkuntza ikasteaz gain, berariazko formakuntza didaktikoa jasotzen dute, eta horrek Euskal Etxeei beren irakaskuntza-eskaintzan autonomoak izatea ahalbidetzen die, Euskal Herritik bertaratu beharko liratekeen irakasleen menera egon beharrik gabe. Bestetik, Estatu Batuetan euskara bertatik bertara, online, edo formatu hibridoan irakats dezaketen Euskal Etxeen kopurua handitzea da xedea. Hori guztia gauzatze aldera, Etxepare Euskal Institutuak bere babes instituzional eta pedagogikoa indartuko du, euskara-ikastaroetara bideratutako finantzazioa handituko du, eta tokiko irakasleen formakuntza sustatuko du kalitatezko irakaskuntza bermatzeko, AEBko errealitatera eta beharretara egokituta.