Euskal Herriko Unibertsitateak ezagutzera eman du 1.307 ikaslek egingo dutela Unibertsitatera Sartzeko Proba ezohiko deialdian. Azterketak datorren asteartean hasiko dira, uztailaren 1ean.

Ekainaren 3an, 4an eta 5ean egindako ohiko deialdian 13.130 pertsona matrikulatu ziren guztira (Batxilergoko 12.277 ikasle eta Goi Mailako Heziketa Ziklo bat amaitu duten 853 ikasle), baita aurreko ikasturteetako 379 ikasle ere, nota igotzeko irakasgai espezifikoetara aurkeztu zirenak.

Ezohiko USaP egiteko Matrikulatu diren Batxilergoko eta LHko ikasle horiek campuska banatzen baditugu, 199k egingo dute Arabako Campusean, 665k Bizkaikoan eta 420k Gipuzkoakoan. Beste 23 ez daude campus bati atxikita. Hizkuntzari dagokionez, ikasleen % 65,3 (854 ikasle) euskaraz egingo dute proba, eta % 34,7k (453) gaztelaniaz.

1.307 pertsona horiei aurreko ikasturteetako 379 ikasle gehitu behar zaizkie, nota igotzeko irakasgai espezifikoetara aurkezten direnak.

Premia bereziak dituzten Ikasleak

Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako hezkuntza-premia bereziak dituzten 109 ikaslek egokitzapenak beharko dituzte ezohiko Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio-proba egiteko. Aurten jasotako egokitzapen-eskaera guztien % 13,56ri dagokio, ohiko deialdian 804 ikaslek eskatu baitzituzten.

USaP proba egiteko egokitzapenak indarrean dagoen araudiak aitortutako eskubidea dira, eta neurri horrek bermatzen du ikasle guztiek izango dutela proba egiteko aukera berdintasuna.

Sarbide probetako egokitzapen guztiak EHUko Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak kudeatzen ditu ezarrita dagoen prozedurari jarraituz. Epaimahaiek proba egin aurretik egokitzapen guztien berri dute eta EHUren Sarbide-probetarako jardunbide egokien Gida ere eskuragarri dute egokitzapenen aplikaziorako.

Probak eta emaitzak

Ohiko deialdian bezalaxe, USaP hiru egunetan egingo da, asteartetik, uztailak 1, aurrera. Egun horretan bertan hasiko dira azterketak gainontzeko autonomia erkidego gehienetan, lautan bakarrik beste data batzuetan izango baitira.

Unibertsitatera Sartzeko Probak bi fase ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide faseak helburu hau du: ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egiteko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak neurtzea. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura (asteartean 2025eko USaP irekiko duen azterketa); Espainiako historia edo Filosofiaren historia; Lehenengo atzerriko hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari edo Heziketa Zikloari dagokio eta % 40 sarbide faseari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak sarbide fasean gutxienez 4 puntu lortu baditu.

Onarpen fasea borondatezkoa da, eta ikasleak beste 4 puntu lortu ahal ditu. Fase honetan ikasleak gehienez lau ikasgaitara aurkeztu ahal da, eta bakarrik hartzen dira kontuan baldin eta 5 baino gehiagoko nota atera badu. Ikasleak egin nahi duen gradurako onuragarrienak diren bi kalifikazio hartzen dira kontuan.

Azterketei dagokienez, aurten hasi da ekainaren 11ko 534/2024 Errege Dekretuak ezarritako sarbide-proben eredu berria pixkanaka ezartzen. Besteak beste, eredu horrek ezartzen du galderen ehuneko batek (aurten, % 25ek) irakasgaian eskuratutako gaitasunak neurtzeko diseinatuta egon behar duela, eta pandemiaz geroztik aplikatzen zen hautazkotasun-maila murrizten duela.

Proben emaitzak uztailaren 8an argitaratuko dira. Ohiko deialdian, sarbide-probara aurkeztu zirenen % 96,73k gainditu zuen.