Aste honetan iragarri du Euskal Herriko Unibertsitateak bere identitate bisuala berituko duela, datorren ikasturteari begira. Eduardo Chillida eskulturagileak sortu zuen ikur nagusia mantenduko du EHUren siglekin batera, eta logotipoari euskarria emateko kolore paleta korporatiboa gehitu du.
Unibertsitatearen irudi berritua aurkeztu du gaurko Gobernu Kontseiluan errektoretza taldeak. Eduardo Chillidak sortutako ikurrak jarraitu du irudi nagusi izaten. Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordearen esanetan, hartutako erabakiak helburu bikoitza dauka. Batetik, “gure irudia berritzea eta aro digitalera egokitzea, erraztea eta unibertsitatearen ikurrari garrantzia gehiago ematea, Euskal Herriko Unibertsitatearen oinarria hobeto isla dadin eta are identifikagarriagoa izan dadin”. Bestalde, “uste dugu garapen natural honek, azken urteotan EHU izendapena sustatzeko egindako lanarekin jarraikortasuna izateaz gain, nomenklatura bikoitzak dakarren arazoari konponbidea ematen diola, batez ere, saihestuko duelako EHU Valentziako UPVrekin (Universidad Politécnica de Valencia) nahastea. Era berean, eta ikuspegi teknikoago batetik, izena sinplifikatzeak eta zehar-marra alboratzeak indexazio akademikoa erraztu dezake.
Logotipo aldaketaz gain, marka-posizioa eta garrantzia hobetu nahi izan da, identifikagarriagoa izan dadila, “nortasun propio diren sustraiak indartuz”, azpimarratu du Garaik. Uniberdea kolorearen alde egin da, irudi korporatiboaren kolore nagusi gisa: “berde bibratzaile bat, bizitzaz betea, gure paisaiaz, lurraz eta kulturaz mintzo dena. Gure sustraiekin lotzen den berdea, inguratzen gaituen naturarekin eta etorkizun jasangarriagoa izateko konpromisoarekin”, azaldu du errektoreordeak. Marka berria ekainean aurkeztuko da Chillida Lekun.