Korrikaren 23.edizioa hasteko 4 egunen faltan, astelehen honetan aurkeztu dute ostegunean ekimenari hasiera emateko asmoz AEK-ak antolatu duen festa. Gipuzkoan Korrika egitasmoaren arduraduna den Xabier Artolarekin batera izan dira Bidasoako AEK-ko zuzendari den Beñat Alzaga eta osteguneko festaren arduraduna den Maddi Sanz Irungo San Juan plazako Udaletxe atarian egin duten ekitaldia. Bertan, lehen eguneko festaren nondik norakoak azaltzeaz gain, aurtengoan ere parte hartzeko deialdia luzatu nahi izan dute antolatzaileek. Aurkezpen prentsaurrekoarekin bukatzeko, ostegunerako aurreikusita dagoen eguraldi gorabeheratsuari aipamena eginez, hauexek izan dira Beñat Alzagaren hitzak: “Gogoratu, ez da eguraldi txarrik, arropa deserosoa baizik!”.

Goizeko saioan hitza hartzen lehena Xabier Artola izan da, eta, berriz ere, azken Korrika arrakastatsuaren bide beretik segi eta AEK-ren helburua “Euskal Herria osatzen duten 7 herrialdeetan zehar herri aldarri alai eta irmoa” egitea dela baieztatu du. Gogoratu nahi izan du ere, egun “gure hizkuntzaren aurkako oldarraldia ere bizitzen ari garela”, eta horren aurrean “mobilizatu behar dugula”. 23. edizio hau Irunen hastea, Gipuzkoako arduradunaren hitzetan, ez da nolanahiko erabakia izan. “Irun, biztanle kopuruari dagokionez, Gipuzkoako bigarren udalerria da, baina euskararekiko dagokionez, egoera oso desberdina da. Euskal hiztun kopurua nahiko baxua da hemen, eta egoera horri buelta emateko lehen pausuak egin nahiko genituzke Korrikaren laguntzaz”, azaldu du. Esan bezala, ostegunean, 16.00etatik aurrera emango ditu Korrikak 23.edizio honen lehen urratsak. Bada, ostegunean, antolakuntzak Bidasoako eskualdean euskararen alde lan egiten dutenen horiengan jarriko du azpimarra. Hori horrela, lehen kilometroan Bidasoko AEK euskaltegiko 11 irakaslek eramango dute lekukoa.

Euskaltegiko zuzendaria den Beñat Alzagak ere hartu du hitza aurkezpenean, eta, honen hitzetan, “lehen kilometro horrek islatuko du, alde batetik, euskaraz bizitzeko kemena; bestetik, Korrikak hauspo izan nahi duela Irunen euskalduntze-lanak tinko aurrera egiteko”. Ostegunean 15.30etan hasiko den ekitaldiaren gaineko xehetasunak azaldu ditu Alzagak. San Juan plazan bertan lehertuko da festa, eta bertaratuei hainbat mezu helarazteko helburua izango du antolakuntza taldeak. Lehena, “harro herri leloak azpimarratzen duen moduan, komunitatearen indarra” nabarmendu nahi dituzte Bidasoako euskaltegiko kideek. “Euskararen normalizazioan aurrera egiteko eskuz esku lankidetzan aritzea”, ezinbestekoa dela aipatuta, oraindik ere “aurretik lan ikaragarri” dutela ere nabarmendu nahi dute osteguneko saioan, Alzagak adierazi duenez.

Ekitaldiari hasiera emateko Korrikaren arduraduna den Ane Elordik hartuko du hitza. Harekin batera, Haize Otañok eta Beñat Alzagak ere izango dute hitz batzuk egiteko tartea. Era berean, “ohiko formatutik ateratzen den ekitaldia” izango dela nabarmendu nahi izan du Bidasoako zuzendariak. Xehetasun gehiagorik ez du eman ordez. “Gehiago jakin nahi baduzue, azaldu. Ederra izango da”, esanez amaitu du.

Osteguneko ekitaldiak

Prentsa aurrekoan hitza hartzen azkena Irungo AEK-ko kide eta lehen eguneko festaren arduraduna den Maddi Sanz izan da, eta ostegunerako nondik norakoak azaltzeko baliotu du bere tartea, “eragile ezberdinei emandako laguntza” eskertu ondoren. Goizean goizetik hasiko da festa, eta egitarau oparoa izango da egun guztian zehar udalerriko hainbat tokitan. 11.00etan hasiko da festa, Mendelutik gazte Korrika abiatuko baita orduan. DBHko ikasleek hartuko dute parte gazte korrika horretan. 11.30etan berriz, Urdanibia plazaren ondoan, Euskal Herriko artisauen azoka hasiko da, eta 19.00ak bitartean izango dira postuak zabalik. Bestalde, 11.30etan ere, Almudena Grandes plazan, Muxikoak izeneko emanaldia izango da. 12.30etan San Juan plazaren inguruko tabernetan Bertso eta Trikipoteoaren txanda izango da.

15.30etan, Beñat Alzagak azaldu duen moduan, ekitaldi nagusia egingo dute, eta 16.00etan emango ditu Korrikak lehen urratsak. Lekukoa Irundik atera ondoren, 17.30etan lehertuko da festa Urdanibia plazan. Burrunba elektro txarangak, Esne Beltza taldeak eta Bad Sound-ek girotuko dute festa, eta jana eta edaria ez dira faltako txosna gunean gauerdi artean. Prentsaurrekoarekin amaitzeko, Irunera heltzeko aukerak azaldu ditu Maddi Sanz-ek. Ohiko garraio publikoaren eskaintza zabalaz gain, Ficoba-ko aparkalekua zabalik izango da egun guztian zehar. “Ez dira gerturatzeko aukerak faltako, beraz”, gaineratu du Sanzek.

Festa berezia izateaz gain, “bidea ere oso berezia”, izaten ari dela gaineratu dute prentsaurrekoan izan diren 3 kideek. “Herriko eta inguruko euskaltzale guztiok topo egiteko egitasmoa izan da aurtengoa. Beti gogoratuko duguna. Animatu zaitezte, eta egun bikaina igaroko dugu ostegunean”, esanez amaitu dute gaurko ekitaldia.