Síguenos en redes sociales:

Elikadura jasangarriago bat lortzeko gida bat argitaratu dute EHUko ikertzaileek

Elikadura jasangarriago bat lortzeko gida bat argitaratu dute EHUko ikertzaileekUPV/EHU

'Avanzando hacia una alimentación más sostenible'. Hori da gizartean elikadura jasangarriago bat lortzeko helburua duen Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Elikadura eta Gizentasuna Ikerketa Taldeko eta CIBEROBN Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroko irakasle-ikertzaileek egin duten gidaren izena.

Laguntza dokumentu bat izan nahi du, egin beharreko aldaketen abiapuntua ezartzeko eta, izenak dioen moduan, elikadura eredu jasangarriago baterantz pausoak emateko.

Oraingoz, zaila da elikadura jasangarritasun handiagoa lortzen laguntzeko kontsumitu beharko genituzkeen elikagaien gaineko jarraibide argiak eta zehatzak ematea. Dena den, eskura dagoen informazioarekin posible da bide orri txiki bat ezartzea. “Elikadura jasangarritasunaz hitz egitea konplexua da; gainera, oraindik ere azterlan gehiago behar dira, gure elikadura ereduak ingurumenean duen inpaktua murrizteko moduari buruzko gomendio batzuk eman ahal izateko. Nolanahi ere, gure elikatzeko moduan aldaketa batzuk egin ditzakegu, helburu globlal horretan gure aletxoa jarri ahal izateko”, esan dute ikertzaileek.

Elikadura egokiaren garrantzia aldatu egin da historian zehar, gizakiak une bakoitzean ezarritako lehentasunen arabera. Azken mendeko elikadurari dagokionez, gure gizartean izandako bilakaera handia nabarmendu behar da. Gerra eta gosete garaian, elikadura oso urria zen; gaur egun, berriz, mehatxu bilakatu da gure osasunerako, elikagaien ugaritasunaren ondorioz. Hain zuzen ere, azken hamarkadetan gizentasunaren eta haren komorbilitateen prebentzioan eta tratamenduan jarri da arreta, mundu osoko heriotza arrazoien lehen postuetan daudelako.

“Gure gizartearen lehentasunezko helburuetako bat da oraindik ere elikadura orekatua, elikadura txarrarekin lotutako gaixotasunak saihesten lagunduko diguna. Dena den, elikadurarekin lotutako beste ikuspegi batzuk ere baloratzen hasi dira azken urteetan. XXI. mendeko gizarteen erronka handietako bat garapen jasangarria lortzea da. Horrek barne hartzen du elikadura eredu jasangarria, elikagaien ekoizpenak ingurumenean duen inpaktua gutxituko duena, baliabide naturalak zainduz, esaterako. Beste hitz batzuekin esanda, egungo gizartean, gure osasuna zaintzeaz gain, planetaren osasuna zaintzea ere bada elikadura egokia izatearen helburua”, nabarmendu dute.

Jarraibideak

Hortaz, zentzuzkoa dirudi elikadura jasangarriago baterantz pausoak emateko estrategiarik eraginkorrena, gaur egun, animalia jatorriko elikagaien kontsumoa murriztea izatea. Zehatzago esanda, haragiaren kontsumoa murriztea. Horrek nabarmen gutxituko luke gure dietaren ingurumen inpaktua. Gainera, egindako azterlan batzuen emaitzen arabera, interesgarria izango litzateke oilasko edo indioilar haragiaren kontsumoa lehenestea, eta neurri txikiagoan, txerriarena, beste aukera batzuen aurretik (esaterako, txahala edo arkumea). Bestetik, landare jatorriko elikagaiak bezain jasangarria ez izan arren, arraina alternatiba ona izan liteke haragiaren kontsumoaren aurrean. Azkenik, haragiaren ‘ordezko produktuak’ ere badira. Horien kontsumoa ere baloratu daiteke, ahal izanez gero, noizbehinka kontsumitzeko. Landare jatorriko elikagaiei dagokienez, horietako bakoitza landatzeak baliabideen gastu eta ingurumen inpaktu ezberdina duela jakin arren, orokorrean, badirudi sasoiko eta gertuko elikagaiak kontsumituta lagun dezakegula gehien kontsumitzaileok. Gainera, horiek erosteak kostu ekonomiko txikiagoa du guretzat.

Menu jasangarri eta orekatuen proposamenek osatzen dute gida. Gainera, plateren errezeta batzuk ere baditu, gure elikadura ohituretan aldaketa jakin batzuk egiteko.